GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hondakinen arazoa ez du zentsura mozio batek konponduko, hari seriotasunez heltzeak baizik

Atzo, Bizkaiko Aldundiak Gipuzkoarekin duen hondakinen hitzarmena ez duela berrituko iragarri eta hurrengo egunean, PSE Bilduren kudeaketaren aurka agertu zen. Bizkaiko Aldundiaren erabakiaren atzean zer asmo dagoen aztertu gabe, eta lurralde arteko lankidetzaz txintik ere esan gabe, alderdi horretako ordezkariei Gipuzkoako Batzar Nagusietako oposizioko indar guztiak Bilduren aurka bat egiteko proposamena baino ez zitzaien bururatu, Ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzini erantzukizun politikoa exijitzeko zentsura mozioa aldarrikatuta. Hondakinen kudeaketa arazo handia da, gero eta handiagoa, eta denen artean konponbidea bilatu beharrekoa, herritarrei eta ingurumenari kalterik txikiena dakarkien konponbidea, alegia. Beraz, seriotasunez heldu beharreko arazoa da, eta ez bazterrak edo, kasu honetan, zaborrak nahasiz. Eta are gutxiago lehia politikorako tresna gisa erabiliz. PSEko ordezkariek Gipuzkoaren interesak defenditzeko moduaren gainean gogoeta egiteko eskatu zuten, eta izan ere, konponbiderik onena Gipuzkoaren benetako interesen aldeko kudeaketa da, inola ere ez gipuzkoarren interesak interes partikularren aldeko tresna gisa erabiltzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo