GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gaboneko emakume bat Hendaian atxikita dutela salatu du Cimadek

Berriro ere, beste atzerritar bat atxikirik dute Hendaiako erretentzio zentroan. Bere birbilobak ezagutzeko Estatu frantsesera jindako emakume bat da. Cimaden iritziz, Sarkozyren «kopuruen politikaren beste biktima bat da, bere herrira itzultzeko asmoa baitzuen».

Arantxa MANTEROLA | HENDAIA

Cimadek, etorkinen defentsan diharduen elkarteak jakinarazi du Marie-Claire M. izeneko emakume bat Hendaiako erretentzio zentroan atxikirik duela Administrazio frantsesak.

Gabonetik Estatu frantseseraino bidaiatu zuen bere birbilobak ezagutzeko. Bere herrira itzuli aitzin, Lourdesera erromesaldian joatea zen bere asmoa. Alta, mugetako Poliziak kontrolatu egin zuen trenean, eta egoera irregularrean zegoela argudiatuta, Hendaiako zentroan sartu zuten. Aste honetan bertan, Baionako epailearen aurrera eramango dute.

Ipar Euskal Herriko Cimadek gogor salatu du atxilotze hori. Etorkinak kanporatzeko «politika alferrikako, mespretxagarri eta iraingarriaren» barnean kokatu du. Gobernuaren helburua iritzi publikoaren aurrean «emaitzak saltzea» dela nabarmenduta, atzerritar kanporatuen kopurua emendatzea bilatzen duela gaineratu du.

Hain zuzen ere, gaur arratsean dokumental interesgarria proiektatuko dute, estreinakoz, Biarritzeko Le Royal zineman.

Dokumentala

«Cimetière des vivants» (Bizidunen hilerria») du izenburua eta Audrey Hoc da egilea. 50 minututan, «kopuruen politika» horren zentzugabekeria erakusten du filmak, Estatu frantseseko lurraldea uzteko zorian zegoen K. jaunaren gorabeheren bitartez. Hendaiako zentroan atxiki zuten, eta soilik Cimadeko bi boluntarioren laguntza ukan zuen.

Erretentzio gune horietako irudi argitaragabeak erakusteaz gain, abokatuen, boluntarioen eta atxikitako atzerritarren beraien testigantzak erakusten ditu dokumentalak. Egiaz, kopuruen politikaren atzean zer dagoen azaltzen du, hau da, segurtasuna aitzakiatzat hartuta, milaka pertsonek pairatzen dituzten bidegabekeria eta ondorio lazgarriak.

2010ean, Baionako campusean, Cimadeko Laurence Hardouin abokatuaren mintzaldia entzun ostean deliberatu zuen zuzendariak dokumentala egitea. «Bere esanek barruak astindu zizkidaten. Hain zen sinesgaitza eta zentzugabea entzun nuena!», aitortu du Hocek.

Filmaren bitartez, «jendea gertatzen ari den eskandaluaz jabetzea» espero du. Bere ustetan, politika horrek «beldurra transmititzea du helburu eta hautesle mota jakin batera zuzentzen den mezu oso arriskutsua da».

Preseski, joan den igandeko hauteskundeetan eskuin muturreko FNk sekulako emaitzak jaso dituelarik, errealitate hauek argitara emateko une «are eta aproposagoa» dela uste du Cimadek.

GAUALDIA

«Bizidunen hilerria» Biarritzeko Le Royal zineman proiektatuko dute, gaur, 21.00etan. Ondoren, debate bat izango da, Audrey Hoc egilearen eta Cimade elkarteko kideen parte hartzearekin. 2011n 30.000 atzerritar kanporatu zituzten Estatu frantsesetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo