Errepide-lanetan «gardentasuna» izan zela defendatu du Olanok
Markel Olanok, Eneko Goiak eta Borja Jauregik, Bidegiko presidente ohiak, agerraldia egin zuten atzo, Bilduk eskatuta, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Herri Kontuen Euskal Auzitegiak igorritako txostenean, Bidegik eta aurreko Aldundiak kudeatutako hainbat lanetan atzemandako «irregulartasunen» gainean garbi jokatu zutela defendatu zuten hirurek.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Bidegin «irregulartasunak» salatu zituen Bildu koalizioak Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baita EAJk, alegia, aurreko foru gobernuak, «kudeaketa okerra» egin izana. Honek guztiak eztabaida handia eragin zuen, eta bi alderdien arteko adierazpen gogorrak ere entzun ziren. Kudeaketa horrek, Larraitz Ugarte Azpiegitura diputatuak orduan adierazi zuenez, Bidegin 900 milioi euroko «zuloa» utzi zuen.
Atzo, hain zuzen, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2009ko Gipuzkoako Kontu Orokorraren Fiskalizazio Txostenean adierazitakoaren harira, Markel Olano, ahaldun nagusi ohiaren, Eneko Goia Azpiegitura diputatu ohiaren eta Borja Jauregi Bidegiko presidente ohiaren agerraldiak eskatu zituen Bilduk; hain zuzen, txostenak aurreko Aldundiak kudeatutako lanetan «arau hausteak atzeman zituelako». «Kontua ez da zenbat gauza egin diren, baizik eta nola egin diren», adierazi zuen Iban Asenjo batzarkideak.
Bai Olanok bai Goiak berretsi zuten -azken honek batzarrekiko duen «errespetua» adierazi zuen lehendabizi, «deialdi atipikora gustura» bertaratu zela erantsita- errepideak eraikitzeko lanetan lehiaketa printzipioak ez zirela urratu, legeak xedatzen dituen irizpideak bete zirelako, «publizitate, konkurrentzia, tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza printzipioak», alegia.
Koalizioak agerraldira eramandako txostenaren arabera, 384 milioi euroko desfasea dago lurraldean burutu ziren -beti errepideei dagokienez- lan ezberdinetan. Auzitegiak igorritako ebazpenaren aipamen bat ere irakurri zuen Asenjok: «Igoeren zenbatekoek desitxuratu egiten dute kontratuaren xedea, baita kontratuaren bolumen ekonomikoa ere».
Jauregiren esanetan, proiektuak «ez dira perfektuak», eta Herri Kontuen Euskal Auzitegien abisuak «sistematikoak dira, aurrekontuak beti gainditzen direlako».
Txostenetan kontsultagai
Olanok agerraldian defendatu zuenez, proiektuek izan zituzten «aldaketa eta hobekuntzek» eragin zuten ordaindu zen diru kopurua handitzea; izan ere, «Gipuzkoak badauka madarikazio bat; bere klima eta orografia da hori». Bere hitzetan, bi ezaugarriok asko baldintzatu eta zaildu zituzten hainbat lan.
Horren haritik, aldaketek Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren doktrinak kontratuen aldaketei buruz ezartzen dituen irizpideak errespetatu zirela gaineratu zuen ahaldun nagusi ohiak: «Aldaketak interes publikoaren beharrei erantzun die, espedientean behar den bezala justifikatuta eta kontratuaren oinarrizko baldintzei eragin gabe».
Halaber, argudiatu zuen «aldaketa batzuekin» izan arren, kontratuaren xedea ez zela desitxuratu, aurreikusitako proiektuak burutu, burutu zirelako. «Administrazio Publikoaren Kontratuen Legeak -jarraitu zuen-, ez du aldaketen inguruan mugarik ezartzen, ez zenbatekoaren ikuspegitik, ezta lehiaketa printzipioen ikuspegitik ere».
Koalizioak jeltzaleen ardura politikoa zalantzan jarri izana kritikatu zuten biek ala biek, eta gogorarazi zuten egin ziren aldaketa guztiak Administrazio Kontseiluan kontsultatu zirela, eztabaidatu eta bozkatu egin zirela, eta hartu zen erabaki bakoitza «ondo baino hobeto dokumentatuta» dagoela. «Hor daude Bidegiko artxibategiak, baita Gipuzkoako buletinak ere, hau guztia kontsultatu ahal izateko», esan zuen Goiak, hatzaz dokumentuetako batzuk gordetzen dituen eraikina seinalatuz.
Aintzane Oiarbide jeltzaleak iradoki zuen bere alderdiari aipua kentzeagatik egiten dituela Bilduk halako eskaerak, eta Asenjok horri erantzun zion auzia ez dela EAJ eta Bilduren artekoa. «Badirudi fede txarrez egiten dugula, baina gu hona azalpenak eskatzera gatoz Kontu Auzitegiak arau-hausteak atzeman zituelako».
EAJk ez zien zenbaki zehatzei heldu, eta ez zuen erantzunik eman Asenjok jeltzaleei gogorarazi zienean Martin Garitano ahaldun nagusi izendatu baino sei egun lehenago adostu zutela Bidegik eta enpresa eraikitzaileek aurreikusitakoa baino 19,9 milioi euro gehiagoan likidatzea obra bat, «inongo kontratutan oinarritu gabeko kontzeptu batzuk aipatuta eta Diputatuen Kontseiluaren oniritzirik gabe».
Hala, enpresen interesak herritarren interesen aurretik jartzea egotzi zien Olanori eta Goiari. «Asenjo jauna, zeure hitzok atzera bota nahi al dituzu? Gogoratu ezazu hemen esandakoa grabatuta gelditzen dela», iradoki zion Lore Suarez (PSOE) mahaiko presidenteak, baina honek ezezkoa jaso zuen Bilduko batzarkidearen ahotik.
PPk eta PSOEk eskerrak eman zizkioten Olanori eta Goiari, euren arduretan gardentasunez jokatu izanagatik. «Oroitzen dut hondeatzeko makina batean ibiltzeko aukera ere izan genuela, lanak bertatik bertara ikusi ahal izateko», esan zuen Eneko Anduezak (PSOE).
Rebeka Uberak proiektu handien aurkako jarrera azaldu zuen, eredua aldatzeko premia dagoela erantsita. Horregatik, eztabaidatzera deitu zuen. Hain zuzen, Goiak esan zuen eztabaida, mamia, hor dagoela eta ez beste inon.
Minutos antes de que las JJGG acogieran las comparecencias de los jeltzales Markel Olano y Eneko Goia y del expresidente de Bidegi Borja Jauregi, en relación a la situación de las cuentas aparecidas en el Tribunal Vasco de Cuentas Públicas, AHT Gelditu! elkarlana se concentró en el exterior para criticar las grandes infraestructuras ejecutadas en los años de bonanza, apostando por un modelo que respete la naturaleza y las condiciones de vida de la población.
«La prioridad otorgada al gasto público en infraestructuras se ha hecho, con un coste colosal, a expensas del enorme endeudamiento público provocado por estas políticas derrochadoras, hipotecando medioambiental y económicamente los bienes comunes en beneficio de intereses empresariales muy concretos», denunciaron frente a las JJGG.
Tras recordar los desfases de Bidegi, agregaron que las irregularidades corresponden principalmente a la autopista Eibar-Gasteiz y el segundo cinturón de Donostia, «cuyas obras fueron puestas en entredicho no solo desde el punto de vista del impacto ambiental, sino también laboral». GARA