Ferran Adria: «Garrantzitsua da BCC ekonomian gakoa dela ulertzea»
Munduko sukaldaririk onenetako baten bisita izan zuten atzo Basque Culinary Centerren bildutako profesional eta ikasleek; hots, El Bulli jatetxearen jabe Ferran Adriarena. BCCko Nazioarteko Aholku Batzordeko presidentea ere bada kataluniarra, eta tokian tokiko produktuak berreskuratzea helburu duen «Gure zaporeak sukaldean» saria aurkeztu zuen. Plater goxoak prestatuz ez ezik, solasarekin ere jendea konkistatzen ederki dakiela erakutsi zuen.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Lehendabiziko aldiz bisitatu zuen atzo Ferran Adriak Basque Culinary Center eta zentro honetaz benetan harro agertu zen: «Oinarriak jarri dituzue hemendik hamar urtera munduan erreferente bilakatzeko», ziurtatu zuen. Bide horretan, balioei garrantzia eman behar zaiela azaldu zuen -«zer erakutsi behar da hemen? Zer gauza desberdin?» galdetuz- eta proiektua ekonomian giltza dela konturatzea ere hagitz garrantzitsutzat jo zuen.
200 ikasle eta profesional baino gehiagoren aitzinean emandako hitzaldian, gauza handiak lortzeko grina izan beharra dagoela defendatu zuen. Berarentzat, BCC hazten ari den umea da: badauka eraikina, lehendabiziko ikasleak... Eta zerbait ausarta egin behar da, balio etikoekin, sukaldari gazte batek nola pentsatu behar duen hausnartuz eta egitasmoa irekia dela eta aldatzen doala ulertuz. «Ofizioko sektore guztiek, jende askok eta askok, BCC bere sentitzea nahi dugu», adierazi zuen.
Irailean, Liman, berak zuzentzen duen BCCko Nazioarteko Aholku Batzordeak «Biharko sukaldariei zuzendutako gutun irekia» sinatu zuen eta orain gutun hori berrikusten ari dira, adibidez, sukaldarien ordutegia duinago egiteaz hausnartuz. «Guk txintik esan gabe onartzen dugu, baina beste ofizio batean ordutegi hau aplikatuz gero, bukaera litzateke!», erran zuen entzuleen irria marraztuz. Kartan, sukaldari eta sukaldeko profesionalei buruz gogoeta egiten da, baita elikaduraren eta gastronomiaren etorkizunean duten erantzukizunaz ere.
Saria
Bertan hartutako konpromisoari erantzun nahi dio, hain zuzen, atzo Eroski taldearekin batera aurkeztutako «Gure zaporeak sukaldean» sariak. Lehiaketa honetan, sukaldari profesional baten ekimenik onena sarituko dute, produktu edo produktu-barietate jakin bat egungo gustuetara egokituta berreskuratzeko eta, bere jatetxean erabiliz, balioa emateko. Parte hartu nahi dutenek cocinandonuestrossabores.com gunean jarri beharko dute beren bideo-errezeta. Urrats guztiak azaldu eta azken aurkezpen bat erantsiko dute. Hiru proposamen aurkezten ahalko ditu gehienez bakoitzak, ekainaren 30a baino lehenago. Web orrian dago informazio guztia.
Aurkeztutako proposamenen artean BCCko Patronatuko sukaldari batzuek osatutako epaimahaiak hamar errezeta-produktu hautatuko ditu azken fasera igarotzeko. Fase hau zentroan bertan jokatuko da eta hamar finalistek errezetak prestatuko dituzte. Lehendabiziko saria 12.000 eurokoa da, bigarrena 6.000koa eta hirugarrena 3.000koa.
Ferran Adria El Bulli Foundation bere fundazioari buruz mintzatu zen. Orain «zuek nik adina ardura duzue bertan, jada ez baita nirea», azaldu zuen. Harvard, Berkeley eta unibertsitate gehiagoren arteko lehiaketa eta «bullipedia», wikipedia «arraro eta berri bat» aipatu zituen bertako lanen artean.
Nazioarteko Aholku Batzordeko buru gisa, gai estrategikoei buruz aholkatzea da Ferran Adriaren funtzioa, berak erran bezala, «ideiak botatzea». Atzo eman zituen batzuk: adibidez, ohartarazi zuen ez dagoela oraindik mendebaldeko goi sukaldaritzaren historia azaltzen duen libururik. «Has gaitezen lanean, gauza handiak lortu nahian, pazientziaz», animatu zuen. Irailean Japoniara joanen da eta oraintxe bueltatu da Txinatik. «BCCk akordio bat lortu behar du Txinarekin», adierazi zuen. Zerrendak egitea ere ideia ona dela aipatu zuen, adibidez, barazki onenekin, hainbeste produkturen artean galbahe lana egiteko.
Produktuei buruz solasean, Eroskiko presidenteak, Agustin Markaidek, tokian tokiko elikagaien alde egin zuen, «osasungarriagoak direlako eta gizartean ere eragin hobea dutelako». «Gero eta okerrago» jaten dugu eta horren adierazgarri da hiru krisi urteotan patata fresko gutxiago eta patata frijitu izoztu gehiago saldu izana. Elikadura osasungarriagoa lortzeko lanean ari da Eroski, BCC bezala. Adriaren iritziz, garrantzitsua da horretan pragmatiko izatea. M. I.