Servini de Cubria Bilbora joatea «pauso garrantzitsutzat» jo dute auzi-jartzaileek
Gorka BERASATEGI | BUENOS AIRES
Estatu espainoleko justiziak Baltasar Garzonen auzian emandako epaiarekin frankismoaren krimenak ikertzeko debekua berretsi zuen; alta, Argentinan Francoren erregimenaren kontrako salaketa aurrerapausoak ematen ari da. Bi urteko ibilbidea bete berri duela, Maria Servini de Cubriak, kausa horren ardura duen epaileak, ziurtatu du aurten Madrilera eta Bilbora bidaia egingo duela biktimen testigantza gehiago biltzeko asmoz. Goldatu elkarteko kide Josu Ibargutxik epaileak Bilbora joateko hartu duen erabakia «pauso garrantzitsua» dela adierazi zuen asteazkenean eginiko agerraldian.
«Jendea animatu behar dugu orain. Bilbora etortzen denean sekulako ilara aurki dezala bere bulegoan. Gainera, epailea gorpuen bilaketetan presente egotea nahi genuke», esan zuen.
Sabin Arana ere itxaropentsu agertu da epailearen jarrerarekin. «Irmo jokatzen ari dela dirudi eta salaketak aurrera egin dezakeelakoan nago. Jendeari lagundu behar diogu paper zaharrak berriz ateratzen. Jakin behar dute hemen jasotzen ari garen babesa eta adiskidetasuna izugarria dela». Abokatu taldeak argitu duenez, ez dago data zehatzik, baina bidaia egiteko bi aukera aipatu ditu epaileak: uztailaren hasieran edo irailean etorriko da Euskal Herrira.
Salaketarekin bat egin dutenei babesa agertu diete Argentinako preso ohi eta desagertuen elkarteak, Maiatzeko Plazako Amek eta Amonek eta Memoriaren Aldeko Institutuak, besteak beste. Atzo, berriz, Maiatzeko Plazako Amak laguntzen izan ziren Goldatu eta La Comunakoak, osteguneroko manifestaldian.