GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoa Encounter, 600 informatikazaleren topaleku, bihar arte

Astelehenera arte, informatikazaleen topaleku bilakatu da Tolosako Usabal kiroldegia Gipuzkoa Encounter ekimenari esker. 400 ordenagailu daude bertan giga bateko abiadura duen Interneteko konexioarekin.

GARA | TOLOSA

Tolosako Usabal kiroldegian 600 informatikazale inguru bildu dira, Gipuzkoa Encounter topaketen seigarren edizioa dela-eta. Izan ere, atzo hasi ziren eta bihar arte ekitaldi ugari izango dituzte bertan: mintzaldiak, tailerrak eta txapelketak.

Antolatzaileek azaldu zutenez, topaketen hasiera ekitaldian Tolosako alkate Ibai Iriartek hartu zuten parte. Gipuzkoa Encounter Euskal Herrian informatikak duen garrantziaren isla dela, eta arlo horretako pertsonen, enpresen, bitarteko eta proiektuen erakustokia dela nabarmendu zuen Iriartek.

Horrekin batera, Gipuzkoako Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendari nagusi Lore Martinez de Axpek Tolosan bildutako 600 lagunak animatu zituen «ikastera, sortzera, partekatzera eta lehiatzera».

Euskalamiga elkarteak koordinatzen du Gipuzkoa Encounter eta Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazioak antolatzen dute. Euskaltelen, Gipuzkoako Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren sostengua ere jasotzen du. 400 ordenagailu daude bertan eta giga bateko abiadura duen Interneteko konexioa erabilgarri izango dute.

Euskal Encounter ekimenaren egitarauan honako jarduerak aurki daitezke, besteak beste: arte digital lehiaketak ordenagailu bidez sortutako musika eta irudiekin, programazio jarduerak, formakuntza tailerrak, bideo-joko lehiaketak, software librea eta hardware. Topaketa honetako hainbat ekimenetan parte-hartzea doakoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo