D3M-Askatasuna: lardaskeria judiziala nonahi
D3M eta Askatasunako auzipetuek atzoko agerraldian esan zutenez, epaiketa hasteko 48 ordu falta direla, oraino ez dakite nork epaituko dituen. Deigarria da, halaber, defentsak eskaturiko 64 lekukoetatik epaimahaiak 6 bakarrik onartu izana, fiskalak eskaturiko lekuko oro -den-denak poliziak- onartu dituen bitartean. Honek argiro erretratatzen du auzipetuen babesgabetasun sentsazioa, sortze beretik politikoki motibatua eta oinarri juridikorik gabeko akusazio aurrefabrikatuak dituen enegarrengo epaiketa. Zein da, baina, auzipetuak 7 eta 9 urtez kartzelara eraman ditzakeen delitua? Hauteskundeetan bozkatu ahal izateko aukera abertzale bat aurkeztu izana. 3 milioi pertsonari ezkerreko independentismoaren proiektua ezagutarazi eta beren oinarrizko eskubide zibilak beteki egikaritzeko ekarpen praktikoa egitea. Ez gehiago, ezta gutxiago ere.
«Dena da ETA» logikaren atzaparrek harrapatutako hamahiru euskal herritarrok badituzte kezka eta ezinegonerako motiboak. Baina era berean, azpimarragarria da, Euskal Herrian ireki den bide berriarekiko zabaldu duten konfiantzazko mezua. Horien hitzetan, lasai doaz Madrilera, egin behar zen lana egiteagatik eta denen arteko lanak eman duen uzta kolektiboagatik. Ez doaz, ordea, Madrilera bakarrik. Milaka euskal herritar beraiekin izango dira. Bilbon, datorren larunbatean, ikusgarri egingo denez.