Josu Zalbidea STEE-EILAS
Zerbitzu publikoei eutsi; lan baldintzak errespetatu
Zerbitzu publikoak indartzeko eta lan baldintzak errespetatzeko ez da dirurik falta. Fiskalitate berriaren bidez dirua aurkitzeko borondate politikoa falta da
Azken Maiatzaren Lehenetik langileontzat eta hiritarrontzat egoerak txarrera jo du tamalez. Zapateroren Gobernuak azken «mesedeak» egin zizkien merkatuei: pentsio erreforma atzerakoia eta defizit publikoa murrizteko aldaketa konstituzionala. Madrilgo Gobernu berriak bere neurriak ezarri baino lehen, Nafarroako zein EAEko gobernuek aurrekontu murriztaileak onartu zituzten, oinarrizko errentari eta zerbitzu publikoei izugarrizko kaltea eginez. Bide beretik jo zuten foru aldundien eta udalen aurrekontu askok. Guztien artean, panorama beltza marraztu digute 2012. urterako eta hau berretsi da Rajoyren erabaki andana ezagutzen hasi garenean: murrizketa gehiago aurreko murrizketen gainetik.
Erasoak langile nahiz hiritar gisa jasotzen ari gara. Lan munduan erasorik mingarriena azkeneko lan erreformaren eskutik etorri zitzaigun. Eskatutako guztia eskaini zien Madrilgo Gobernuak enpresariei, ezeren truke. Lan baldintzak kaskartu, kaleratzeak erraztu eta negoziazio kolektiboa suntsitu egiten du erreforma berriak, beldurra eta mehatxuaren bidez langileria enpresarien eta gobernuen esanetara menperatu nahian.
Hiritar gisa, ongizate estatua jomuga dutela konturatu gara. Krisiaz baliatu dira amildegira eraman ahal gaituen politika murriztailea egiteko. Bat-batekoan, urte luzeetan lortutako eskubide sozialak, zerbitzu publikoetako sarea, aukera berdintasune- rako baliabideak... gure eskuetatik lapurtzen ahalegintzen dira. Erakunde publiko gehienak dirudunentzat ari dira lanean, defizit publikoaren izenean dugun oinarrizko zerbitzuen sistema kolokan jarriz, «merkatuek» hazkunde ekonomikoaren garaian zituzten etekinei eusten jarrai diezaieten. Bitartean, murrizketa politika honek euskal gizarteari langabezia gehiago, pobreziaren hazkundea eta eskubideen galera besterik ez dio ekarri.
Antisozialak ez ezik, balizko eskuduntzen gainetik ezarritako neurriak ere izan dira azkeneko batzuk, bai, baina ez gara inozoak. Guretzat ez dute sinesgarritasunik hainbat arduradun politikok Madriletik datozen murrizketen kontra egindako adierazpenek. Nafarroako eta EAEko gobernuek ere, lehendik ere murrizketak gauzatu dituzte eta. Beraz, egoeraren erantzule dira. Ezarritako murrizketetan atzera egiteko eta etor daitezkeenen aurrean gure eskuduntzak blindatzeko konpromisoa adierazi beharko lukete. Bada garaia guregan eragina duten gauzez hemen erabakitzeko.
STEE-EILASek Donostian ospatuko du Maiatzaren Lehena. Deialdiaren helburua zerbitzu publikoen defentsa eta lan baldintzetarako errespetua aldarrikatzea izanik, Eusko Jaurlaritzaren eta banketxe baten egoitzaren artean antolatu dugun giza kateak esanahi sinboliko argia du. Askotan adierazi dugunez, zerbitzu publikoak orokorrean, eta irakaskuntza bereziki, funtsezko tresna dira gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna bermatzeko. Horrexegatik, krisi garaian inoiz baino beharrezkoagoa da zerbitzu publikoak garatzea, hiritarrak krisiak sortutako ondorio lazgarrien aurrean zerbitzu publikoen laguntza-sarearen bidez babestuz. Langileek ez dituzte zertan ordaindu behar beste batzuek sortutako krisialdiaren ondorioak. Ez gaude ados galerak baino ez sozializatzearekin.
Zerbitzu publikoak indartzeko eta bertan lan egiten dugunon lan baldintzak errespetatzeko ez da dirurik falta. Fiskalitate berriaren bidez dirua aurkitzeko borondate politikoa falta da, baita gaur egunean gastatzeko erabiltzen diren irizpideak aldatzeko asmoa ere.
Dinamika horren aurrean urteetako mobilizazioak daramatzagu eta bereziki azken hilabeteetan. Batzuk bakarrik eta gehie- nak beste sindikatuekin batera. Hor daude, aurrekontuen kontrako abenduko ekimena, ikastetxeetako elkarretaratzeak, otsailaren 9an EAEn izandako lau orduko lanuztea, otsailaren 25an Bilboko manifestaldia edota M29an lortutako greba orokor arrakastatsua... Murrizketa berriei mobilizazio sendoagoez erantzun behar diegun uste osoa dugu. Krisialdiaren ondorioak gure bizkarrean zamatu nahi dituzte eta ezin diegu bidea zabalik utzi, oraindik triskantza handiagoa egiteko asmoa dutelako. Politika publikoak alda daitezen mobilizatzen jarraituko behar dugu. Borroka horretan sindikatuak ez gaude bakarrik. Larrialdietako egoera batean sartu dute euskal jendartea eta hau ere erantzuten ari da tamainako hordagoari. Eragile ezberdinek atera behar dugu eredu sozial aurrerakoiagoaren defentsan, borroka bera baitugu. Sindikatuon borrokak lan esparrua gainditzen duela ulertu delako, langileon eta herritarron borrokan uztar ditzagun, zerbitzu publikoei eutsiz eta lan baldintzak errespetaraziz!