Kronika | Zero zaborren ekimena
Hondakinen bidegurutzean, zabor poltsak edo haize errotak
Ez zen antzerki lan bat, baina dekoratuak hala iradokitzen zuen. Zero Zabor taldeek Donostiako Ondarreta hondartzan erraustegiaren eta gaikako bilketaren arteko bidegurutzea eraiki zuten. «Europari so eginez», euren apustua bigarren horretan kokatu zuten.
Oihane LARRETXEA
Gero eta gehiago dira Gipuzkoan «bide positiboan eragiteko» sortzen ari diren Zero Zabor taldeak. Horietako hogeita hamar inguruk bat egin zuten Ondarretan gaikako bilketaren eta birziklapenaren aldeko apustua egiteko. Ohiko prentsaurreko batek dituen ezaugarrietatik ihes eginez, elementu ugari baliatu zituzten erraustegiaren eta gaikako bilketaren arteko bidegurutzea irudikatzeko. Gipuzkoa, uneotan, horrelako batean dagoela adierazi zuten.
Hondarretan zulatutako bidezidor batek zabor poltsak zituen alboetan, eta helmugan, beste hainbeste. Hasieran, «35» markatzen zuen bide-seinale bat. Ez zen, ordea, gidatzeko gehienezko abiadura-muga adierazteko seinalea, bosgarren edukiontziarekin eta erraustegiarekin lortzen den birziklatze-portzentajea erakusten duena baizik.
Bidegurutzearen beste bidezidorrak ortzadarraren zazpi koloreekin jantzitako haize errotatxo mordoa zituen. Horretan, abiapuntuan, birziklatze-tasa adierazten zuen seinalea zegoen, «80» erakusten zuena.
Ilaran jarrita, kide bakoitzak ordezkatzen zuen herriaren pegatina eskutan hartu eta, banan-banan, bi bideen arteko hautua egin zuten. Erraustegiaren proiektuari bizkarra emanez, haizeak dantzan jarri zituen errotatxoak hautatu zituzten guztiek.
Zero Waste Europe
Herriaren izena taula handi batean itsatsi eta gero, Julen Legorburu eta Miren Arbonies Segura eta Zumarraga-Urretxuko Zero Zaborreko ordezkariek hondakinak arazo izaten jarraituko ote duten edo aukera bihurtuko diren galdegin zuten.
Hondakinak zabor toxiko bihurtzeak ez duela arazoa konponduko ohartarazteaz gain, erantsi zuten erraustegitik urtero aterako liratekeen 100.000 tona zabor toxikoentzat zabortegiak beharko liratekeela.
Horregatik, hondakinak tratatzeko modu ekologikoagoak lehenetsiz, hondakinetako materialen balioa berreskuratu beharra dagoela esan zuten eta, horretarako, funtsezkoa dela produktuen diseinuan eragitea, birziklapena eta konponketa ahalbidetzeko eta, horrenbestez, horien biziraupena luzatzeko. «Hauek ez dira gure hitzak -esan zuten-. Europako Parlamentuaren Ingurumen Batzordeak onartutako txostenean jasota daude».
Bigarren bide hori, alegia, hautatu zuten bidea, «arrazionalitatearen eta konponbidearen bidea» dela iritzi zuten. «Gauza jakina da ekonomiari on egiten diola baliabideak ondo aprobetxatzeak. Sektore ekonomiko oso bat eraiki daiteke berrerabilpen eta birziklapenaren inguruan». Eta honakoa, hain zuzen, gaur egungo testuinguru ekonomikoan aintzat hartzekoa dela gaineratu zuten.
Zero Zabor ekimenak Donostian bertan beste hitzordu bat izango du aurki, maiatzaren 11, 12 eta 13an. Zero Waste Europe mugimenduak urteroko topaketa Gipuzkoan egingo du, lurraldean sortzen ari den aukera bertatik bertara jarraitzeko. Ekitaldi horretan, gainera, Gipuzkoa Zero Zabor Europako sarean sartuko dela iragarri zuten.