Euskal Herriko udako jazzaldiek izen-deiturak dituzte dagoeneko
Unescok Jazz Musikaren Lehenengo Nazioarteko Eguna izendatu zuen atzokoa eta Getxoko Jazzaldiaren arduradunek aurtengo egitaraua ezagutarazteko baliatu zuten data. Itxita dago, hortaz, Euskal Herriko jazzaldiek uda honetarako prestatutako eskaintza.
Alvaro HILARIO | GETXO
Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak 36. edizioko programa aurkeztu zuen atzo. Horrekin, osatuta dago Hego Euskal Herriko hiru jazzaldiek prestatutako eskaintza. Wayne Shorter, Bobby McFerrin eta The Yellow Jackets, Sonny Rollins, Pat Metheny, Bad Plus, Kenny Barron eta Monty Alexander dira, besteak beste, bisita egingo diguten izarretako batzuk. Sona handiko kontzertuekin batera, ahaztu ezin ditugun neurri txikiko kontzertuez edota Getxoko Jazzaldiaren Talde Lehiaketaz gozatzea ere izango dugu. Bestalde, Hondarribiko eta Getxoko blues jaialdiek ere osatuta dute aurtengo programazioa.
Azken hamahiru urteetan diru murrizketak izan badituzte ere, lehen mailako egitaraua dakarkigu Getxoko Jazzaldiak: «Gurera etortzeko, musikariek bira oso bat izan behar dute, errentagarria atera dakien; hau da, Wayne Shorter-ek hemen jotzeko, esaterako, bere agerraldia ziurtatzeko, beste hainbat kontzertu ziurtatu behar izan ditu aurretiaz. Hori dela eta, berandu ibili gara aurtengo aurkezpena egiteko», azaldu zion GARAri Getxoko Jazzaldiaren arduradun Iñaki Saituak, krisialdiaren ondorioak zeintzuk diren azalduz.
Iñaki Saituaren iritziz, aurtengo edizioak «programa oso sendoa dauka, askotarikoa. Saiatu ohi gara programa orekatua izaten, interes artistiko aldetik erakargarria izan dadila».
Uztailaren 4tik 8ra hartuko du Getxok jazzaldia, eta Kaliforniako Larry Carlton gitarra-jotzaileak emango dio hasiera. Hurrengo egunean, abeslari bat izango dugu agertokian: China Moses, Dee Dee Bridgewater abeslari handiaren alaba. «Beti izan dugu abeslari baten bat, baina aurten estilo ezberdinak jorratzen dituzten bi ekarriko ditugu», adierazi zuen Iñaki Saituak. Besteak, Eliane Elias brasildarrak, amaiera emango dio jaialdiari, uztailaren 8an, igandean. Ostiralean, berriz, Wayne Shorter handiari helduko zaio txanda; larunbatean, jazz fusioa eta world music doinuak nagusituko dira Mike Stern gitarra-jotzailearen eta Richard Bona baxu-jotzailearen eskutik.
Lehiaketari dagokionez, epai-mahaiak Miroslav Hloucal Quartet (Txekia), Piotr Pawlak Jazztet (Austria), Tobias Meinhar Quintet (Alemania) eta Szwec & Wendt Quintet (Polonia) aukeratu ditu.
Donostia eta Gasteiz
Gasteizek hartuko dio lekukoa Getxori. Uztailaren 16tik 21era Mendizorrotza izango dugu jazzaren agertoki nagusi. Lehenengo egunerako, gospela: Sweet Honey In The Rock. Bigarrengoan, uztailaren 17an, Stefano Bollani Trio eta Joe Lovano & Dave Douglas Quintet. Thwe Soul Rebels eta Joshua Redman & The Bad Plus hilaren 18an izango dira. Ostegunean, uztailaren 19an, Esperanza Spalding eta Gilberto Gil brasildarra. Ostiralean, gurean hainbatetan egona den Pat Metheny (Unite Band-ek lagunduta) eta Fred Hersch Trio. Mendizorrotzako azkenean, larunbatean, beste mito bat ere izango da: Sonny Rollins.
Principal Antzokiak, bestalde, XXI. Mendeko Jazza zikloa hartuko du. Kontzertu guztiak ordainpekoak dira.
Donostiak itxiko du udako jaialdien sasoia. Uztailaren 19an hasi eta 23an bukatuko da hainbat agertoki dituen Donostiako Jazzaldia. Victoria Eugenia antzokiak, Trinitate plazak, Kursaaleko auditoriumak eta San Telmo Museoko elizak hartuko dituzte ordainpeko kontzertuak. Horietatik pasatuko dira, besteak beste, Ray Gelato, Bobby McFerrin & The Yellow Jackets, Nicholas Payton, Monty Alexander, Neneh Cherry eta Spectrum Road (Jack Bruce, Cindy Blackman-Santana, John Medeski, Vernon Reid).
Aipatutakoak ez ezik, Donostiakoak beste hamaika kontzertu ere eskainiko ditu: www.heinekenjazzaldia.com atarian dago informazio guztia.
Getxo, ekainean, eta Hondarribia, uztailean, ditugu udako blues jaialdiak. Batak zein besteak, lehen mailako musikariak ekarriko dituzte.
Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdiak osatu berri du aurtengo egitaraua. Ekainaren 21etik 23ra izango da aurtengoa, eta Elvin Bishop (Chicagoko blues elektrikoaren ordezkaria), Dana Fuchs abeslari eta konpositorea eta Joe Louis Walker bluesman ospetsu eta zenbait Grammy sariren irabazlea ariko dira. Saioak Algortako Biotz Alai plazan izango dira 21.00etan, lehenengo egunekoa izan ezik. Sarrerak maiatzaren 2tik aurrera egongo dira salgai.
Hondarribiak uztailaren 12tik 15era hartuko ditu blues doinuak. Bi izen handi daude nazioarteko artisten artean: Robert Cray eta Eric Sardinas. Aipamen berezia merezi du Hondarribia Crossroad sailak. Bertan izango dira Tail Dragger, Zora Young eta Eddie Shaw-en ahots bereziak, luxuzko taldeak lagunduta: Bob Stroger (baxua), Kenny Smith (bateria), Johnny Iguana (teklatuak), Rockin' Johnny (gitarra) eta Omar Coleman (aho-soinua). A. H.
Donostiako Jazzaldiak hainbat agertoki ditu (Victoria Eugenia, Kursaal, San Telmo eta Trinitate plaza) eta hamaika kontzertu zein ekitaldi dakartza. Merezi du, beraz, Jazzaldiaren web orrialdean sartzea.