GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Ipuinetan goxo

Derrin-ek kontatzen dit izan zuela neska lagun bat ohearen goxotasunean ipuin bat kontatzea eskatzen ziona. Geroztik ez du halako eskaerarik izan. Beste lagun batek niri entzundako ipuin bat erabiltzen zuen neskekin goxo azaltzeko. Oiartzungo festetan, txosna baten gerizpean, goizaldeko ordu txikitan, mutil gazte batek eskatzen dit: «Kontaidak ipuin polit bat, neska horri kontatzeko, berarekin ligatu nahi diat eta». Hamar minutura, bikoteari ipuinak kontatzen ari nintzen, barrari helduta, ordu txikitan, festetan.

Maitasunean bezala, ipuinetan ere beste munduetara alde egin nahi dugu, mundu honetan egoteko. Goxotasunaren bideak korritu nahiko ditugu, bizitza goxatzeko. Fantasiaren lurraldeak zeharkatu nahiko ditugu, bizitza fantastikoa izateko. Ipuinetan geure burua abentura eta egoera sinesgaitzetan ikusiko dugu, une harrigarrietan, pertsonaia liluragarriekin; esna gaudela harrapatzen gaituzten ametsak bailiran. Eta ametsak bezala, geure baitan ibiliko dira errondan, uler ezinezko galderak egiten, ulergaitzak zaizkigun kezkak sortzen.

Kontalariak erronka ederra dauka aurrean. Desiren eta ametsen lurraldeetan barrena eraman beharko ditu entzuleak. Ez da aski izango, ordea, hitzak bata bestearen ondotik bere ahotik irtetea. Ez da aski izango edertasunari gorazarre egitea. Kontalariak gogoeta egin beharko du. Fantasiak jendearen bizitzan duen garrantziaz hausnartu. Ipuinak errealitatea eraldatzeko gakoak non ezkutatzen dituen bilatu. Bere burua teknikoki prestatu. Kontalariak ezingo du ofizioa arinkeriaz hartu, Derrinek goxotasuna berreskura dezan.