Gurutze Intxaurburu | Kalapie, Hiriko txirrindularien elkarteko lehendakaria
Bizikleta gehiago: krisiaren aurkako inteligentzia
Egilearen aburuz, krisia aukera ona da, une erabakigarria izan daiteke, mugikortasunaren gaineko paradigma berri bat bultzatzeko, petrolioaren eta motordun ibilgailuen gehiegizko mugikortasunaren mendeko izango ez den eredu berria jorratzeko. Txirrindularitzaren irabazi ekonomikoak azpimarratzen ditu, ikuspegi ekonomikotik, osasun ala ingurumen aldetik dituen onurak nabarmenduz. Eta hala, bizikleta etorkizuneko ibilgailua izan behar dela defendatzen du. Amaitzeko, dei egiten die udalei eta Foru Aldundiari Gipuzkoan «bizikleta sistema integrala» ezartzeko, eta hartara, ekonomia, antolaketa eta giza baliabideak areagotzeko.
Neurriz gaineko petrolio kontsumoan eta ibilgailu motordunen gehiegizko mugikortasunean oinarritzen den eredu ekonomiko eta energetikoaren krisi sakona bizi dugu. Egungo egoera hau Gipuzkoan bizikleta etorkizuneko garraiobide gisa sustatzeko une erabakigarria da.
Azken hamarkadetan zehar, euskal herri-administrazioek sekulako inbertsioak egin dituzte errepideko garraiorentzat bide-sare trinko bat sortzeko. Aukeratu zen mugikortasun ereduak gurpil zoro bat eragin zuen, eta ibilgailu motordunentzat bide berriak eraikitzeko beharra amaigabea izan da. Honela, automobilaren eta motorren erabilera aspertu arte sustatu dira, hala nola, errepide bidezko salgaien garraioarena.
Eredu honek, inbertsio publikoetan, euren joan-etorriak garraio publikoa erabiliz, oinez edo bizikletaz egitea aukeratzen duten pertsonak baztertzea ekarri du. Gaur egun, behin Gipuzkoa ia errepide handi bat bihurturik, eta baliabide ekonomikoak urriak direnean, badirudi azkenean indar politiko gehienak iritzi berekoak direla: «Azken hiru hamarkadetan zehar, foru inbertsioaren funtsezko zati bat Gipuzkoan gaitasun handiko bide-sare bat eraikitzeko esleitu da eta, helburu hori jada bete denez, zikloa amaitutzat jo behar da».
Mugikortasun eredu berri baterantz. Bizitzen ari garen krisia gure ekoizpen eta mugikortasun eredua adimenez berriz hausnartzeko aukera ona izan daiteke, ekologikoagoa, osasungarriagoa eta erregai fosilen hain mendekoa ez den lurralde baterantz aurrera egiten laguntzen diguten mugikortasun estrategia iraunkor baten eta petrolio osteko ekonomia baten alde jarriz. Ikuspuntu honetatik, nahitaezkoa litzateke ekonomia eta enplegua indarberritzeko politikek garraio publikoaren eta motorrik gabeko mugikortasunaren sektoreari gaur egun ez duten protagonismoa ematea. Hainbat azterketa ofizialek zera erakusten dute: bidaian ibilbide bera eginez, garraio publikoak automobil bitartezko mugikortasunak sortzen dituen lanpostuen bikoitza sortzen dituela. Alemaniaren kasuan, garraio publikoa eta oinezko nahiz bizikleta bidezko joan-etorriak sustatuz 207.000 lanpostu sor litezkeela uste da.
Gure mugikortasun iraunkorreko ereduak hiri eta hiriarteko eremuan, ahal den neurrian, automobil eta motor partikularren erabiltzaileak garraio publikoetan, oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriak hautatzera bultzatzea du helburu.
Horretarako, beharrezkoa da bizikleta funtsezko mugarritzat duten mugikortasun politika koherenteak, txirrindularien baldintzak hobetzen dituztenak eta euren egungo pisua nabarmen areagotzen dutenak, aplikatzea.
Txirrindularitzaren irabazi ekonomikoak. Baina, zergatik jarri behar zaio enfasi hau txirrindularitzaren rolari? Bizikleta gizakiek gehien erabiltzen duten ibilgailua da, ekonomikoa eta erabiltzeko erraza delako eta, horren ondorioz, gehiengoaren eskueran dagoelako. Ohiko joan-etorri gehienetan zerbitzu azkar, eraginkor eta atsegingarri bat eskain dezakeen lokomozio-bide batez ari gara. Aldi berean, bizikleta garraio publikoarekin konbina daiteke, ez du azpiegitura handirik, ezta erregairik behar, eta gainera, jarduera ekonomikoa sortzen du eta osasunerako mesedegarria da; hori dena ingurumena hondatu gabe.
Ikuspegi ekonomikotik, nabarmendu behar da bizikleta-mugikortasunean egindako inbertsio publikoek lanpostuen sorreran eta ekonomiaren indarberritzean gogoan hartzeko eragin onuragarria dutela. Izan ere, bizikletak ez ditu pertsonak bakarrik mugiarazten, dirua ere mugiarazten du. Duela gutxi Frantziako azterketa ofizial batek frogatu duen bezala, bizikletak eragiten dituen ondorio ekonomiko zuzenak ibilgailu honen alde egiten den ahalegin publikoa baino 9 aldiz handiagoak dira.
Thierry Mariani Frantziako Garraio ministroaren iritziz, bizikletak Frantziari urtero osasun kontuetan 5.600 milioi euro aurrezten laguntzen dio. Txirrindulariak %10era iritsiko balira, aurrezki hori 10.000 milioi eurora iritsiko litzateke, eta hori berotegi efektuko gasen murrizketa kontuan hartu gabe.
Erresuma Batuan uste da bizikleta erabiltzeak urtero 3.300 milioi eurotik gorako mozkinak ematen dituela. Hau da, txirrindulari bakoitzeko urtero 268 euroko mozkina. Halaber, bizikletaren aldeko ahalegina indartzeak, 10 urteko epean, 2.300 milioi euro gehigarri ekar zitzakeen, ahalegin horrek lan absentismoan eragingo lukeen murrizketaren ondorio gisa.
Turismoaren eremuan, kalkulatzen da 2009an Europan zikloturistek egin zituzten 2.800 milioi bidaiek 54.000 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zutela.
Bizikleta, etorkizuneko ibilgailua. Petrolioaren krisia zela-eta 1973an Holandak eta, geroago, beste herrialde aurreratu batzuek hasi zuten eredua jarraituz, nahitaezkoa da herri-administrazioek bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko azpiegituren, zerbitzuen eta jardueren aldeko apustua areagotzea.
Eta eskakizun hau are nabariagoa da Gipuzkoa bezalako lurraldeetan, non txirrindulari portzentajea eta hauei esleitzen zaizkien aurrekontuak, biak oso baxuak diren. Horrela, 2012rako foru aurrekontuek errepideei zuzendutako inbertsioa murriztu duten arren, aurreikusitako kopurua bizikleta bideen sareari esleitu zaiona baino 7 aldiz handiagoa da (54 milioi euro baino gehiago).
Baita Donostian ere, azken urteotan aurrerapen gehien lortu dituen hiria, bizikletaz egiten diren hiri barneko joan-etorrien portzentajea %4 ingurukoa da. Hortaz, Gipuzkoako udalerrien errealitateari Europako hiri askoren garapen maila minimoarekin homologatzea lortzeko oraindik asko falta zaio, hiri hauetan txirrindularien joan-etorriak guztizkoarekiko %15etik gorako portzentajeetara iristen baitira. Bistan denez, lorpen hauek, konpromiso ekonomiko handi eta etengabeen bitartez, bizikleta sustatzeko politiken emaitza dira.
Horiek horrela, krisi garai honetan, beharrezkoa da Gipuzkoan gutxi ustiatu den txirrindularitzaren potentzialtasun handia azaleratzea, bizikletaren aldeko ahalegin publikoa handituz, honek ekonomiaren berrindartzea eta denboran iraunkorrak diren lanpostuen sorrera ekarriko baitu.
Horregatik guztiagatik, udalei eta Foru Aldundiari eskatzen diegu, mugikortasun iraunkorraren aldeko euren diskurtsoarekin bat eginez, Gipuzkoan bizikletaren erabilera ugaria ahalbidetzen eta bultzatzen duen bizikleta sistema integral bat ezartzeko ekonomia, antolaketa eta giza baliabideak areagotzea.