GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi | Kazetaria

Mundua atzekoz aurrera Israelen?

Ameriketako Estatu Batuekiko aliantzaren gidaritza noren esku dagoen erabakitzea legoke jokoan; gerra, horretarako, arriskua ez baizik pagotxa litzateke

Begien bistakoa da salbuespenezko herrialdea dela Israel hainbat gauzatan. Adibidez, egungo munduan ez da beste erresumarik izango atzerritik bertaratu berrienei hiritartasun eskubide guztiak hain eskuzabalki aitortzen dizkienik, Vatikanoa edo halakoren bat ez bada. Horren ifrentzua, ordea, ez da batere berezia: kolonizazioen historia lepo dago aldi berean bertakorik bertakoenei eskubide oinarrizkoenak ukatu zitzaizkieneko adibideez.

Berezitasun guzti horiek ere ez dira aski, ordea, hilabete batzuetatik hona -Irani erasotzeko asmoa hizpide eta egitasmo denetik- Israelen gertatzen ari dena konplituki argitzeko.

Izan ere, ezinbestez sekreturik ezkutuenean prestatua eta abiarazia izan behar lukeen erasoaren bultzagile, diseinatzaile edota exekutatzaile zuzenenak izan behar luketenak baitira hartaz jendaurrean kritikoen agertzen direnak, eta erasoaren aldeko agintari politikoak (Netanyahu, Barak, Lieberman) krudelkien maiseatu dituztenak.

Meir Dagan, Mossadaren buru ohia, izan zen lehena. Duela bi urte pasa, kargua utzi eta berehala, Irani erasotzea «ergelkeria galanta» zela esaka aritu zen hainbat hedabidetan, eta asmoaren eragile politiko nagusien zentzu ona zalantzan ipini zuen. Geroztiko bi urte hauetan ez du iritzia mudatu, dirudienez: Irani erasotzea inoiz aditu duen ateraldirik ergelena dela errepikatu zuen duela hilabete pasatxo.

Yuval Diskin, Shin Beth barne espioitza zerbitzuaren buru ohia, izan da azkena, oraingoz. Israelgo agintari politikoak herritarrak engainatzen ari direla Iranekiko auzian eta ez duela inolako federik gerrarako prest dauden buruzagi horien gaitasunean esan zien duela astebete bilkura batean parte hartu zuten enpresari eta intelektualei. Noski, handik ordu gutxira, kalean zen haren gogoeta...

Bien bitartean, iragan astean bertan, Benny Gantz, armada israeldarraren buruzagi gorenak, esandakoak txertatu beharko dira. Itxuraz samurragoak (Gantz agintean dago, oraindik) baina, funtsean, aurreko bien ezpal berekoak: Irango agintariak guztiz zentzudunak direla deritzo, eta ez dutela arma nuklearrak egiteko delibero argirik; erasotzen bazaie, orduan bai ez dutela etsiko hori lortu arte...

Hiruren iragana eta oraina gogoan izanda, eta hirurak, bat-batean, Iranen morroi edo Gandhi-zale bihurtzea sinesgaitz samarra denez, alderantzizko munduko gertaerak diruditen hauei esplikazioa aurkitzen ahalegindu beharko dugu. Hoberik ezean, hara nirea: Israelgo estratega militarrak jabetu dira Irani erasotzea ez dela haren egitasmo nuklearraren amaiera izango, abiapuntua baizik, eta, seguruenera, eskualde osoko gerraren pizgailua; eta beronen amaiera edozein delarik ere, Israelek nekez manten ditzake egun dituen abantaila estrategikoak. Beraz, bere buruaz beste egitearen paretsu da, haien ustez, Irani erasotzea. Tel Aviveko politikariek, ordea, beste prisma batetik dakusate auzia: AEBekiko aliantzaren gidaritza noren esku dagoen erabakitzea legoke jokoan; gerra, horretarako, arriskua ez baizik pagotxa litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo