GARA > Idatzia > Kultura

Bjork, Interneteko «Oscar sarietan» irabazle, bere «musika eskolagatik»

Webby sariak, Internet arloan, Oscar sarien parekotzat jotzen dira AEBetan. Arte eta Zientzia Digitalen Akademiak ematen ditu urtero sariok, Interneten egindako lanagatik. Aurtengo saridunen artean, Bjork abeslari islandiarra, Louis C. K. artista estatubatuarra, Facebook sare soziala, Skype plataforma eta Kayak bidaia-bilatzailea daude, baita hainbat publizitate kanpaina ere. Sari banaketa hilaren 21ean egingo dute eta Internet bidez jarraitzeko aukera izango da.

p045_f01_199x112.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Internet etorkizuna da. Gero eta aukera gehiago eskaintzen dituen mundu abstraktu hori eta artista, publizitate eta beste hainbat alorretako langileak gogor dabiltza aurrera egiteko. Ahalegin hori saritzeko, Arte eta Zientzia Digitalen Akademiak Webby sariak ematen ditu urtero, bide hori erabiltzeko, berrikuntza eta Interneten kultura bultzatzeko hainbat artistak hartutako konpromiso hori saritzeko, alegia. Sarituen artean, Bjork abeslari islandiarra, Louis C. K. artista estatubatuarra, Facebook sare soziala eta beste hainbat alor daude. Sari hauetan internauten eta epaimahaikide ofizialen botoak hartzen dira kontuan eta, horien arabera, bi sari banatzen dira.

Bjorken «Biophilia», munduko lehen aplikazio-albumtzat jo dute, eta abeslariak «mundu digitalean berrikuntza» sortzeagatik Bjork Urteko Webby Artista izendatu dute aurten.

Estatubatuarrari dagokionez, «bere lanen banaketan aurrekari berri bat lortzeagatik» saritu dute Urteko Webby Pertsonaia gisa, zehazki «Live at the Beach Theater» komedia lanari dagokiona, bere webgunean bost dolarrengatik ikus daitekeena.

Aktore, film eta abar

Bestetik, Juliette Lewis eta Graydon Sheppard aktoreak Youtube atarirako egindako «Sh*t Girls Say» telesailean egindako lanagatik Urteko Webby Aktore izendatu dituzte. Facebook sare soziala «aldaketa sozial» bat lortzeagatik izan da bozkatua, «garapen politiko eta soziala ahalbidetzeko egiten duen lana» dela-eta.

Film onenaren saria «The Confession» lanak eraman du, Kiefer Sutherland aktorea protagonista duena. «The Museum of Me» publizitate kanpainak «publizitatera aplikatutako hedabide sozialen erabilera onenagatik» jaso zuen saria, baita «The Sound of Football» Interneteko iragarkiak.

Internauten ustez, TED.com da web orrialde hezigarri onena, eta Mashable, berriz, finantza-informazio onena eskaintzen duena.

Dropbox informazioa metatu eta partekatzeko doako plataformak, Kayak bidaia bilatzaileak, Epicurious.com orrialde gastronomikoa, Skype doako telefonia zerbitzaria eta «Sesame Street Muppets» izan dira, besteak beste, sariren bat jaso dutenetako beste batzuk.

Aurtengoa sarion hamaseigarren edizioa da eta hilaren 21ean egingo dute banaketa. Ekitaldia Patton Oswalt aktore, umorista eta idazle estatubatuarrak gidatuko du eta Internet bidez zuzenean jarraitzeko aukera izango da webbyawards.com-en AEBetako 16.30etik aurrera.

HAINBAT SARI

Sarion lehen edizioko irabazleen artean Spotify edo Google + daude. Aurten Instagram programa, Flipboard iPhonerako aplikazioagatik, HBO telebista katea eta Ameriketako Estatu Batuetako Holokaustoaren Museoa izan dira sarituetako beste batzuk.

Bere burua behin eta berriz berritzen duen islandiarra

Bjork ez da inoiz ohiko abeslaria izan. Bere musika berezia, berria eta garaikidea da. Albumak kaleratzen dituenean inork ez daki zer lan berri aurkeztuko duen. Hori da bere sinadura. Orain, gainera, «Biophilia» bere album berria munduko lehen aplikazio-albuma da, iPhone eta iPad-etan erabil daitekeen musika-eskola bat ere bai baita. Hori dela-eta, Weeby Interneteko sarietan urteko artista izendatu dute.

«`Biophilia' hamar abestiz osatutako diskoa da», dio Bjorkek «L'express» hedabidean. «Musika, natura eta zientziaren artean dauden loturetan oinarritu naiz. Beti lotu ditut musika eta natura. Ukipen-pantaila sortzeak musika modu pedagogiko eta ludiko batean neureganatzeko aukera eman zidan eta, horrek, beste modu batean konposatzera bultzatu ninduen», dio. «Musika zure inguruko soinuak hartu eta abesti bihurtzean datza», azaltzen du islandiarrak.

Bjork ekainaren 22an izango da Santiagon eta sarrerak agortzear daude iada. M. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo