GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskal gehiengo sindikalak borroka bideari eusteko jarrera koherente eta arduratsua

Greba egiteko deia ez da albiste ona izaten. Greba borroka bitarteko gogorra da langileentzat, haiei eta beren familiei dakarzkien ondorio ekonomikoengatik eta desegonkortasun egoeragatik. Eta ez da albiste ona langileen baldintza txarren adierazgarri delako, langileen eskubideen errespetu ezak eragindako erantzuna da eta. Izan ere, erantzun gogorra eskatzen dute krisiaren aitzakian administrazioak ezarri eta ezarri ari diren murrizketek. Atzo ELA, LAB, EILAS eta ESK sindikatuek grebara deitu zituzten Hego Euskal Herriko langile publikoak, eta sektore horretan ikusten da argienik murrizketa horiek langileen eskubideak ez ezik, herritar guztienak ere urratzen ari direla, alegia krisia eragin dutenen zerbitzuko neurriak herritar gehien-gehienen aurkako neurriak direla; beraz, sindikatu horien jarrera guztiz koherente eta arduratsua da, gero eta egoera bidegabeagoari ezikusia egin beharrean, haren kontra eginda. Greba deialdia, berez, ez da albiste ona, baina bai, edonola ere, herri honetako gehiengo sindikalak iragarri zuen borroka bideari eusteko asmoa. Ez da bide samurra, ez data seinalatu baterako ekimen sinboliko hutsa, baina bai inoiz baino beharrezkoagoa langileentzat, herritarrentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo