GARA > Idatzia > Ekonomia

Antxoa kuotaren %5 inguru harrapatuta, itxaropentsu daude euskal arrantzaleak

Antxoaren kanpaina hasi zenetik, mila tonatik gora harrapatu dira, ia-ia kuota osoaren %5. Lehen aleak handiak izan dira eta lonjan 3,40 euroan dago kiloa. Arrantzaleak pozik daude, arrantza-aldiak zer ekarriko zain.

p026_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

Bi asteko arrantza-aldia daramate Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. Kanpaina ofizialki martxoaren 1ean hasi bazen ere, eguraldi txarrak bultzatuta, duela hamabost egun hasi ziren maiztasunez itsasoratzen. Leandro Azkue Gipuzkoako Kofradien Federazioko zuzendariak GARAri azaldutakoaren arabera, eguraldiak eragina izan duen arren, berezkoa da antxoa apirilaren erdialdean ateratzea. Kanpaina hasi zenetik mila tonatik gora antxoa harrapatu dituzte, Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak atzo, Donostiako portuan eginiko ekitaldian, azaldu zuenez.

Guztira 24.000 tonako kuota dute euskal arrantzaleek. Hortaz, orain arte harrapatutako kopurua ia-ia kuotaren %5 da. Lonjan, batez beste, kiloko 3,40 euro ordaindu dira, guztira 3,5 milioi euroko irabaziak izan direlarik. Pozik agertu zen atzo Azkue orain arteko arrantzuarekin, batez ere, aurreko urtekoarekin alderatuta, kanpaina beranduago hasi dela kontuan izanda.

Arrantza-aldiaren lehenengo epean, antxoa portutik gertu, bi edo hiru ordura, harrapatu zutela azaldu zuen Azkuek. Tamaina aldetik ere gustura agertu zen, antxoa handia zela-eta, 26-28 antxoa kiloko. Bigarren astean ordea, jarduna apur bat korapilatu zaie, antxoa urrunago zegoen, portutik zortzi bat ordura, eta tamaina aldetik txikiagoa zen, kiloko 35-40 bat ale. Horrek guztiak prezioa baldintzatzen duela adierazi zuen Azkuek: «Ez du hain estimazio hona kontserberetan, eta beste toki batzuetatik lortzen dute antxoa», gaineratu zuen. Hori dela-eta, kezkatuta daude arrantzaleak, «salneurriaren batez bestekoa ez dugu bihar arte jakingo, baina nahiko kaskarra izango dela uste dugu», aitortu zuen.

Bestalde, orain arte jasotako uztarekin eta kuotarekin pozik daudela baieztatu zuen, «egia da maiztasun batekin hasi garenean antxoa dexente topatu dugula eta horrek animatu egiten gaitu», esan zuen. Azkueren ustez, orain arteko harrapaketak antxoa berreskuratzen ari dela frogatzen du, eta aurrera begira itxaropentsu egotera bultzatzen ditu horrek.

Bertako antxoa indartu

«Kantauri itsasoko altxorra», hala defintitu zuen atzo Unzaluk antxoa. Beraren ustez, Kantauri itsasoko antxoak dituen ezaugarriek beste toki batzuetako aleetatik bereizten dute, eta horregatik, bere ezaugarri genetiko eta teknikoak ezartzeko Adierazpen Geografiko Babestua (AGB) garatzen dihardute.

Atzo bertan, Kantauri itsasoko kontserba fabriketako ordezkariak bildu ziren Vigon (Galizia), AGBa garatzeko lehen urratsean. Kantauri itsasoko antxoa indartu nahi bada kontserbagileen babesa ezinbestekoa dela ondorioztatu zuten, eta datozen hilabeteetan txostena garatzeko konpromisoa hartu zuten. Irailean bilduko dira berriz eta urtea amaitu aurretik Madrilen eta Bruselan «proiektu sendo bat» aurkeztea da euren helburu nagusia, eta horrek ere lanean jarraitzera bultzatzen ditu.

emaitza hobeak

Lonjan lortutako prezioa iazkoa baino hobea da oraingoz. 2011n lortutako batez bestekoa 2,06 eurokoa izan zen; eta aurten 3,40 eurokoa da, baina arrantzaleek prezioa jaitsiko dela aurreikusten dute.

europako legedia

Unzaluk Europako Nekazaritza Politika Bateratua (PAC) aldatzeko ahalegina okerreko bidean doala adierazi zuen eta euskal nekazariek jasotzen dituzten laguntzak arriskuan daudela ohartarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo