Leintz Gatzagan eta Eskoriatzan eginen da aurten Mundumira, azoka ekologiko eta guzti
Maider IANTZI | DONOSTIA
Aurtengo edizioarekin Debagoieneko herri guztiak zeharkatuak izanen ditu jada Mundumirak, Arrasatetik Leintz Gatzagaraino. Azken herri hau txikia da halako jaialdi handia hartzeko eta, horregatik, Eskoriatzarekin batera antolatu du datorren maiatzaren 18, 19 eta 20an musika, kaleko animazioa, natura eta gastronomia uztartuko dituen ekimena. Guztira, 50 bat ekitaldi izanen dira bi herrietan banatuta. Aurtengo berritasuna, Ekoferixa, produktu ekologikoen eta slow food gastronomiaren azoka.
Musika da Debagoieneko Mankomunitatearen, Ginmusika ekoizpen etxearen eta «Euskal Herria» aldizkariaren artean prestatutako jai honen zutabeetako bat. Aurten Esne Beltza -bertan emanen dio hasiera munduko birari-, Pegatina, Bizardunak, Anari eta Richard Buckner AEBetako abeslari eta gitarrista etorriko dira, bertzeak bertze. Ginmusikako Sergio Cruzadok adierazi zuenez, luxua izanen da Leintz Gatzagako plazan artista honen country alternatiboa aditzea.
Patta Ta Sendaezinak Azpeitiko taldea eta Berako Sexty Sexerseko musikariak barrenean hartzen dituen Mutürbeltz ere igoko dira agertokira, biak lehendabiziko diskoa aurkeztera. Kontzerturik dantzagarrienetakoa Gafieira Miuda brasildarrarena izanen da. Areto dantza herrikoia ekarriko du Eskoriatzako plazara, dantza-orkestra batek jotako sanba estiloa. Madagaskarreko Kilemak emanen du geroago kontzertua, eta musika lantegia ere bai, malgatxeen erritmo alaiaz gozatzeko.
Mendi irteerak eginen dituzte bi herriak lotuz, bizikleta txangoak, Debagoiena ezagutzeko kultur ibilaldiak, antzerkia, zirkua, plater exotikoak dastatzeko saioak, haurrentzako ekintzak Irrien Lagunen Klubarekin, artisau azoka, foro solidarioa, eta abar luze-luze bat. Ohi bezala, kamiseta bat ere jarri dute salgai, hiru GKEri laguntzeko.
Título original: «Ajeossi».
Dirección y guión: Lee Jeong-beom.
Producción: Lee Tae-hun.
Intérpretes: Won Bin, Kim Sae-ron.
País: Corea del Sur, 2010.
Bi herriak itxita egonen dira, eta horregatik, komenigarriena autoa inguruko herriren batean utzi eta garraio publikoan etortzea da. Lotan gelditu nahi dutenek zabalik izanen dute Eskoriatzako pilotalekua.