GARA > Idatzia > Kultura

Jardunaldiak, Txillardegik euskarari egindako ekarpenak bizi-bizirik dirauela aldarrikatzeko

M. I. | DONOSTIA

Kontseiluak eta Donostiako Batzen-ek Txillardegiri buruzko jardunaldiak antolatu dituzte maiatzaren 12rako, Jose Luis Alvarez Enparantzak euskararen normalizazioaren alde egin zuen ekarpena ardatz hartuta. Hizkuntzen erabilera aztertzeko proposatu zuen eredu matematikoaz, bertze hizkuntza batzuen normalizazio prozesuen gainean idatzi zuenaz eta euskalgintzak euskararen normalizazioan izan beharko lukeen paperaz mintzatuko dira.

Iker Salaberria Kontseiluko kideak eta Batzen-eko Jexux Arrizabalagak ekimen honen zergatia azaldu zuten atzo Donostiako udaletxean egin zuten aurkezpenean. Erran zutenez, Txillardegik ekarpen benetan aberatsa egin du hamaika arlotan, baina nonbait jarri bazuen bere ekina, hori euskararen biziraupenean eta garapenean izan zen. «Berarekin dugun zorra kitatuko badugu, euskaraz bizi nahia euskal herritar guztiengana hedatuz eta euskararen normalizazioan tinko eraginez izango da», agertu zuen Salaberriak. Horretan lagundu nahi dute, eta «euskarari egindako ekarpenak bizi-bizirik dirauela aldarrikatu».

Arrizabalagak erantsi zuen Alvarez Enparantzak harreman berezia izan zuela bere hiriarekin. Ekarpen teorikoak ez ezik, praktikoak ere egin zituen, batzuk Donostiarako espresuki. Horren guztiaren lagina erakutsiko dute goiz batez Iñaki Lasa, Imanol Esnaola, Xabier Isasi, Urko Aiartza, Unai Larreategi eta Dani Goñik; Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan (San Jeronimo kalean), 10.00etatik 13.30 arte. Irekia da ekitaldia, baina antolatzaileek anitz eskertuko dute aldez aurretik abisatzea, telefonoz (943 59 12 00 edo 0559 59 49 48 zenbakietan) edo e-mailez (idazkaritza@kontseilua.org).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo