GARA > Idatzia > Euskal Herria

Txus Martin berehala askatzeko eskatu du Herrirak epaitegien aurrean

Herrira plataformak Txus Martin berehala askatzeko eskatu zuen beste behin atzo, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Atzo epaitzen zuten Martin Madrileko Auzitegi Nazionalean.

p013_f02_148x092.jpg

GARA | BILBO

Txus Martin Basauriko presoak jasaten duen egoera beste behin salatu zuen atzo Herrira mugimenduak, eta berehala askatzeko eskatu zuten EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean, Bilbon, egin zuten elkarretaratzean. Madrileko Auzitegi Nazionalean epaiketa egin zioten atzo bideokonferentzia bidez.

«Txus Martinek eskizofrenia pairatzen du, gaixotasun psikologiko larria alegia, eta bitan saiatu da bere buruaz beste egiten. Bere ingurune afektibo osoaren kezka oso handia da. Izan ere, espetxean jarraituz gero, inork desiratzen ez dituen ondorio atzeraezinez hitz egin genezake», esan zuen Herrirako eledun Manu Ugartemendiak.

«Legez eta eskubidez gaixotasun larria pairatzen baitu, Txus Martinek berehala aske geratu behar du. Bere osasun egoerarekin, Txus Martin espetxeratuta mantentzea krudela eta gizagabea da. Txus Martinek kartzela utzi behar du, egungo egoerak sufrimendua eragin eta amildegira gero eta gehiago gerturatzen gaitu», erantsi zuen.

Horrekin batera, Martin egoera horretan edukitzea giza eskubideen urraketa nabarmena dela gaineratu zuen. «Egoera hau berehala amaitu behar da, eta Txus Martin eta gaixotasun larriak pairatzen dituzten beste hamahiru euskal preso politikoak berehala askatzeko eskatzen dugu. Hiltzen duten gaixotasunen inguruan ari gara: minbizia kasu, bihotzeko arazo larriak edo gaixotasun psikologiko oso kezkagarriak», adierazi zuen Bilbon Herrira mugimenduko eledunak.

«Herrirak jo beharreko ate guztiak joko ditu, bai Euskal Herrian, bai nazioartean ere, Txus Martin eta gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru presoen askatasuna eskatu eta lortzeko», esan zuen Ugartemendiak.

Aitzol Gogortza askatzea

Aitzol Gogortza askatzeko ere eskatu zuten Errenterian senideek eta bere medikuak egin zuten agerraldian.

Izan ere, Gogortzak nahasmendu obsesibo-konpultsiboa du, eta bere egoera larria da. Baldintza normaletan arazorik gabe eraman daitekeen gaixotasuna da hau; ez, ordea, espetxearen barruan.

Bestalde, presoen eskubideak errespetatzearen aldeko mobilizazioak egin zituzten atzo Antsoainen (20), Eibarren (90), Arrosadian (22), Donibanen (63), Iturraman (51) eta Txantrean (65) eta asteazkenean Errotxapean (55) eta Atarrabian (47).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo