GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Marka seinale denean

Non edo non dut aste honetan irakurria gure herrialde bateko batzar nagusietan eztabaida moduko bat izan berri dela, zertaz eta «Espainia» markaz. Marka hori euskal lurraldeetako herritarren gehiengoarentzat egokia ote den; horretaz ez eta bai. Eta aitorpen garaian garela, errenta aparte beste hau ere aitortzera noa, niri sikiera bizigarria zait marka hori, goizero ohetik, edo besaulkitik telebistari begira lo hartuta geratu banaiz, altxatu eta kristoren indarra ematen dit, egun osorako kementsu utzi ere, zezen larruaren marka horretatik lehenbailehen ateratzeko irrika bizian. Leihoa zabaldu, irrintzi bat bota eta joan banoa etxetik, laranja-zukuaren beharra izan gabe. Batzuetan minutu batzuk pasatuta etxean naiz berriro, janztera. Hain da handia marka horrek sortzen didan grina! Ikustea ere lagunak marka horren arrastoa den epaitegi nazionaleko aurreko eserlekuetan! Ezin ukatu niri bizigarria suertatzen zaidala.

Tira, harira! Marka, lurralde bakoitzak berea beharko, planetako txoko guztietan justiziazko justizia izango bada. Non berea eta besteratu ezina. Eta marka guztiak maila berean, badaezpada. Horixe marka, ez ondoko lurralde batek ezarria. Itxura batean Argentina hasia da bere marka gauzatzen. Bolivia ere, berea. Beste kontu bat da marka horren banaketa herrialdeak hartzen dituen eskualdeetan eta eskualdeek hartzen dituzten herri eta herrixketan. Baina, edozein kasutan, banaketa hori lekuan lekuko gizarteari dagokio, marka izateak berez dakarren apustuaren barruan. Euskal Herriak ere marka izan nahi du, propioa. Horretan dabil, ibili ere. Eta bere eskualdeetan sor-markak nahi ditu, bertako lurrak emandakoa balioan ipintzeko. Horra, kasurako, Erronkariko gaztaren ingurukoa; zer eta Israelgo markadun ardiak ekartzekotan dira, bertoko latxen esnea ez baita omen nahikoa. Hau kolpea! Gauza dira batzuk Palestinara harea eramateko hangoa nahikoa ez delakoan. Ez-nahikoaren aroa omen da gaurkoa. Eta Pirinioez bestaldean Ossau-Irati sor-markakoak haserre, bertoko esnea baino gehiago baliatzen baita kanpotik ekarria. Hau mundu aldrebesa! Ez nau harritzen beheko gobernuburuak Autonomien Estatua birpentsatu beharraz esandakoak. Estatuen autonomia da jokoan dena. Erabakitzeko ahalmena eta gaitasuna, biak zein biak. Marka norberaren seinale izan dadin, ez ondokoak jarritako xaki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo