Senpereko aintzira bete nahi du Seaskak Ikastolak zabaltzen jarraitzea xede
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastoletako 1.500 langile Senpereko aintziran elkartuko dira berriz ere gaur zortzi, maiatzaren 13an, urteroko Herri Urrats bestarako. Seaskako arduradunek deialdi berezia zabaldu diete Euskal Herriko herritarrei, inoiz baino gehiago, Ipar Euskal Herriko ikastolek guztion elkartasuna behar dutela nabarmenduz.
Ainize BUTRON
Hasiak dira lanean Senpereko aintziran, datorren igandean, bertara, ikastolen bestarako, hurbilduko diren milaka lagunei harrera egin ahal izateko. Karpak muntatu, ostatuak atondu eta antolaketa orokorra finkatzeko berrehun bat lagun ari dira jo eta su lanean joan den astetik. Ikastoletako guraso ohiak, egungoak, enpresa pribatuak, elkarteetako kideak eta Senpereko herriko etxeko langileak elkartu dira. Bestarako astebete besterik geratzen dela baliatuta, Herri Urrats elkarteko ordezkariek eta Seaskako arduradunek, «Elkartuz zabaldu» lelopean iraganen den jaiaren egitarau orokorra aurkeztu nahi izan dute.
«Astebete geratzen da besterik ez», nabarmendu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Eta, astebete horretan, Euskal Herriko bazter guztietara Senpereko aintzirako hitzordua zabaltzeko ordua datorkiela goraipatu du. «Elkartuz zabaldu» leloarekin, «Euskal Herri osoari elkartasunerako deia zabaldu nahi izan» diotela azpimarratu dute, «Seaskaren garapenerako egitasmo guztiak egun bakar batean jokatzen» direla argituz.
Herri Urratsek Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastolen hedapen etengabean daukan garrantzia goraki azpimarratu du, beraz, Gorostiagak. Horrekin batera, ikastolak azken urteotan bizitzen ari diren «iraultza lasaia» gogoratu du zuzendariak, «emendatze etengabe batek eragindako krisiari» aurre egiten ahalegintzen ari direla erranez. Behar horren aitzinean, botere publikoen laguntza murritza da Seaskak duen arazo nagusia. Kanboko Xalbador ikastetxea berritzeko lanentzako, adibidez, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak 1,5 milioi euro baizik ez dizkiela eman zehaztu du Gorostiagak, jakinik obrek 5,5 milioi euroko aurrekontua dutela. Horrenbestez, iazko Herri Urratseko etekinak, aurtengoak, eta, seguruenik datorren urtekoak ere, Xalbador ikastetxearen berritze lanak ordaintzeko baliatuko dira.
«Orain arte, aipatzen dugun ikasle emendatzearen iraultza lasaia lehen mailetan gertatu da, baina, kolegioetara ere hedatzen hasi da. Urtero berrogei bat ikasle gehiago ditugu», nabarmendu du Gorostiagak. Gaur egun dauden hiru ikastetxeei laugarren bat gehitzeko asmoa du, beraz, Seaskak. Eta oraindik arras zehaztuta ez badago ere, Baionan izan beharko luke. Biarritzen ere lizeo berri bat irekitzekotan dira. Proiektu horiei guztiei aurre egin ahal izateko, aurten Herri Urrats erraldoi bat izatea espero dute ikastolek, eta, horretarako, buru-belarri aritu da urte osoan zehar jaia antolatzeko ardura izan duen lantaldea, betiere ahal bezain egitarau aberats eta erakargarria prestatzea helburu.
Su ta Gar, Zarama eta La Troba
Aurten bost guneetan zehar hedatuko dira animazioak: Nafarroa, Lapurdi, Araba, Gipuzkoa eta Haurren Xokoa. Gose, Zarama, Obrint Pas eta Su ta Gar musika taldeak, Anje Duhalde abeslaria, bertsolariak eta Kukai gazte dantza taldea izango dira besteak beste. Aurten, Haurren Xokoarekin indar berezia egin dute antolatzaileek; hala, Oreka zirku taldea, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak eta beste animazio guztiak dohainik preziatzeko aukera izanen dute haurtxoek. Baina, ekitaldi guztien artean, aurtengo edizioaren abestia egin duen La Troba talde katalanaren kontzertua azpimarratu dute.
Urtero bezala, berrikuntzak ere ez dira eskas izango antolakuntzan. «Elkartuz zabaldu» leloaren esanahiari helduz, lekuko elkarteekin elkarlana abiatu dute. Euskal monetaren aldeko elkartea da horietariko bat. Elkarteak, ekimenaren berri emateko aukera izanen du artisauen gunean mahai bat atxikiz. Inguramenaren babesaren arloan ere ahalegin berezia eginen da aurtengoan Senpereko aintziraren ingurua garbi mantentzeko.