GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Zuzeau.com, Hasier Etxeberria 2012/5/3

Iparraldearen atarramentuaz

(...) Ez nuke neurriz gain probokatzerik nahi, baina egia da etsiak jota nabilela aspaldion eta ez diodala Aberri Txiki eta Aberri Handiaren kontu horri itxura oso onik hartzen. Ulertzen dut Peio Etcheverry-Ainchartek bere hitzaldian dioena. Euskaltasunaren gainbeheraren kronika da bere hitzaldia, azken finean. Grandeurraren lilura erogarria! Frantziaren erakarmenaren handia! Agoniazko hilzori luze baten kontaketa da egiten duena, frantsestasunak euskaltasuna irenstearen kronika.

Aitor dezadan azkar: Iparraldekoak ditut semea eta alaba, ez haiei esan ez direnik hala. Baina Kike Amonarrizek dioen bezala, Andorra txiki bat da Hendaia guretzat. Erran nahi baita, ez hango eta eta ez hemengo, bietako eta ez inongo. (...)

Eta hala, ere, mihi luzeek diotenez, Seaskako kolegioan hendaiarrak dira jolasorduan euskarari gehien lotzen zaizkienak. Mintzaira dute Sarako ikaskideen arras desberdina, baina mintzo dira egun osoz, erabili egiten dute eurek dakitena. Antza.

Atzo Itxasun izan nintzen, han eta hemen ibili nintzen euskaraz galdezka, baina ia denak agertu zitzaizkidan frantsesak. Bertako lagun bati esan nionean harrituta nengoela mundu guztia erdaraz ikustean, erantzun zidan halaxe daudela gauzak Iparraldean, eta ea egon nintzen joan zen igandean Nafarroako Egunaren ospakizunetan, Baigorriko herrian.

Ezetz, nik. Eta berak arrapostu: %80 zirela Baigorriko festan Hegoaldekoak. Eta eurak, Iparraldekoak, denak lanean, antolakuntzan, tabernan, txotxongiloetan...

Ulertu nionez, Hegoaldekoentzat antolatutako parke tematiko jasanezin batez ari zitzaidan. Benetakotasunik gabe sustengatu ezin den zerbaitez. (...)

Baina bai zera, hemen ez da gozorik inorentzat. Jaso nituen lau erantzunetan, Ipar eta Hegoaldeko jendearenak, dena zen are gaitzago. Batek aipatzen zuen Itxasuko gerezien kontsumitzaileak Hegoaldekoak direla baina diruak Itxasukoek biltzen dituztela. Beste batek Urepelgo jendeak Front Nationali ematen diola bozka, etc., etc. (...)

Frantziar eta Iparraldeko askorentzat Donibane Lohizunen eta Urruñan amaitzen da Iparraldea. (...)

Hendaia Espagne da, jakina. Gurinaren ordezko olio usainean ere antzematen zaio hori. Baina nago, desmartxa honetan, ez ote diren sasikume hendaiarrak izango Euskal Herriari eutsiko dioten azkenak, Pays Basquean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo