GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gorka Urtaran Agirre Gasteizko EAJ-PNV Udal Taldearen bozeramailea

Erosteko aukera ematen duen alokairua

Arazoa da etxebizitzaren eskaintza ez datorrela bat eskariaren ezaugarriekin. Izan ere, gaur egun badugu Gasteizen babes ofizialeko etxea nahi baina erosi ezinik dabilen jende asko

Etxebizitza politika lehentasunezkoa da EAJ-PNV udal taldearentzat. Legealdiaren hasiera-hasieratik esaten ari gara Vitoria-Gasteizko etxebizitzaren arazoa aldatu egin dela azken urte hauetan. Egun, etxeen garestitasunaren eta eskaintza faltaren ordez, beste oinarrizko bi zailtasun dauzkate, bai etxebizitza bat eskuratu nahi duten pertsonek, bai dagoeneko babes ofizialeko pisua eskuratu berri dutenek.

Batetik, badaude akaberen eta etxebizitza berrien materialen kalitateari buruzko arazoak, bidegabeko atzerapenak pairatzea, kooperatibistek pairatutako gehiegikeriak... Arazo horiek ekiditeko asmoz, proposatu genuen etxebizitza udal bulego bat sortzea, lau betebehar izango dituena: a) honen inguruan sortzen diren arazo guztien erregistroa egitea; b) peritutza zerbitzua eskaintzea; c) aholkularitza zerbitzua ematea; eta azkenik, d) bulego honek laugarren helburu bat dauka, hau da, hirian hutsik dauden bigarren eskuko 10.000 etxebizitzak merkatura ateratzeko plana planteatzea, egoeraren diagnostiko zehaztu batetik abiatuz. Hau dena kontuan hartuta, ezinbestekotzat jotzen dugu etxebizitza hauek erabiltzea etorkizuneko eskaria asetzeko. Etxebizitza udal bulegoa Ensanche 21 udal elkarteak martxan jarri zuen martxoan, eta oraindik bere emaitzak aztertzeko goiz den arren, oso harrera ona izan du.

Bestetik, bigarren oztopo nagusi bat aurkitzen dugu etxebizitza politikaren inguruan aritzen garenean: hipoteka lortze- ko zailtasuna, krisialdi ekonomikoaren ondorioz estutasun egoeran egoteagatikoa. Horrek oztopatzen du etxebizitzarako sarrera edota etxebizitzaren kredituari edo alokairuari aurre egitea. Arazo honen eragina ezagutze aldera, proposatu genuen ikerketa bat jorratzea jakiteko azken lau urteetan zehar zenbat pertsonak uko egin dioten babes ofizialeko etxebizitza bati, zein den persona horien profila eta zeintzuk diren uko egitearen arrazoiak.

Ikerketa hori Ensanche 21 udal elkarteak egin zuen eta horren arabera, azken 4 urteotan 3.193 gasteiztarrek babes ofizialeko etxebizitza bati uko egin diote. Horietatik %60k arrazoi ekonomikoak argudiatzen zituzten. Hots, ia 2.000 gasteiztarrek babes ofizialeko etxebizitza bat lortu nahi dute, baina ezin dute finantziazio arazoak direla medio. Beraz, krisialdi ekonomikoaren ondorioz sortu diren estutasun egoerak eta kreditua lortzeko zailtasunak Vitoria-Gasteizko etxebizitzaren eskari erreala estaltzen ari dira.

Hori gertatzen den bitartean, Gasteizko babes ofizialeko bostehun etxebizitzak baino gehiagok ez dute jaberik aurkitzen, behin eta berriro zozketatu arren. Beraz, gure ikuspuntutik, arazoa ez datza eskaera gutxiegi egotean edo eskaintza gehiegi egotean, eskaera eta eskaintza bakar bat ez etortzean baizik. Datuak ikusita, arazoa da etxebizitzaren eskaintza ez datorrela bat eskariaren ezaugarriekin. Eta horixe zuzendu behar dugu, Gasteizko udalerriari dagokionez, behintzat. Eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka puntua lortu nahian, zuzenketa kualitatiboa egin behar da, ez kuantitatiboa. Izan ere, gaur egun badugu Gasteizen babes ofizialeko etxea nahi baina erosi ezinik dabilen jende asko. Eta gainera, pertsona hauek sartzeko aukera izango lukete, beste formula batzuk garatuz gero. Eta beste formula horien artean hauxe dago: erosteko aukera ematen duen alokairua.

Formula honekin pertsonek alokairu eskuragarri bat ordainduko lukete hasiera batean eta, geroxeago, aukera izango lukete etxea erosteko, alokairuan ordaindutako zati handi bat deskontaturik.

Erosteko aukera ematen duen alokairu formula hori EAEko eraikinak birgaitu eta hiria berroneratzeko 2010-2013 plan estrategikoan ere agertzen da. Horrela, plan horrek parte-har- tzearen bidez jasotzen duen akzioetako bat da, baliabideak ahal den neurrian alokairura orientatzeko asmoz.

Guk planteatzen dugu programa hori garatzea Gasteizen esleitzeke geratzen diren babes ofizialeko etxebizitzekin. Horretarako aldaketa txikia egin beharko litzateke 39/2008 Dekretuan, martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza neurriei buruzkoa, hain zuzen ere.

EAJ-PNV udal taldeak neurri horri oso egokia deritzogu, etxebizitza-politika hankaz gora jarri gabe, tokiko eskatzaile tipologia guztiei erantzuna ematen dielako, bai babes ofizialeko etxebizitza bat erosi nahi eta ahal dutenei, bai erosi nahi baina ezin dutenei, bai eta alokairuan baino eskuratu nahi ez dutenei ere.

Horretaz gain, erantzun eraginkorra emango genieke egun saltzeke geratzen diren babes ofizialeko pisuei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo