GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aresen dimisioa exijitu dute, Cabacasen heriotzatik hilabetera

Nerea GOTI | BILBO

Iñigo Cabacas hil eta hilabetera, argitu gabe jarraitzen du zer gertatu zen apirilaren 5eko gau hartan, eta inork ez du «erantzukizun politikoa onartu», salatu zuten atzo Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta ezker abertzaleak.

Esan zutenez, Polizia autonomikoaren egungo ereduaren gaineko hausnarketa abiaraziko zuela iragarri zuen Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresek, baina adierazpenok «hitz hutsak» izan direla nabarmendu zuten: «Argi gelditu da Iñigoren heriotzaren harira sortutako ezinegon sozialari begira baino ez zituela egin adierazpenok».

Bilbon, komunikabideen aurrean, lau indar politikoek egin zuten hausnarketan, polizia eredua aldatzeko borondaterik ez dela ikusten esan zuten. Gogora ekarri zuten Xuban Nafarrate larri zauritu zuen karga zuritzeko Aresek emandako azalpena. Izan ere, iragarritako eztabaida ahaztu eta «gainditutzat jo zuen polizia eredu baten apologia besterik» ez zuela egin kritikatu zuten.

Adierazi zutenez, Aresek polizien jokabidea justifikatu du Nafarrate eta Cabacasen kasuetan, bietan «argudio horiek deuseztatzeko froga eta lekukoen testigantzak egon arren». «Konponbideak» jarri beharrean, Aresek Talde Mugikorra indartzeko duen asmoari buruz ere hitz egin zuten, «egungo polizia ereduan sakondu egiten» duelako, eta «protesta soziala delitu bilakatu eta zapaltzea bilatzen duelako».

Lakuak «erantzukizunak estali» eta gizartean dagoen eztabaida ekidin nahi duela uste dute. Horiek horrela, polizia ereduaren gaineko eztabaida abiatzeko exijentzia egin zuten, eta «Euskal Herriak egun bizi duen garai berriari egokitutako eta polizia zapaltzailearen egungo eredua gainditu behar duen Ertzaintza beharrezkoa» dela nabarmenduta, arduradun politikoei dei egin zieten «herritarren gehiengoak eskatzen duenari men» egin diezaioten, eta Aresek dimisioa eman dezala edo kargutik ken dezatela eskatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo