GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Athleticek dagoeneko irabazia duen miresmena handitu egingo da gaur, emaitza edozein dela ere

Badira 35 urte Athleticek Europako final bat jokatu zuela, ordukoa ere munduko talderik onenetako batzuk lehiatik kanporatuta. UEFAko final hura galdu egin zuen, baina talde zuri-gorria Europako futbolzaleen gogoan geratu zen. Athleticek jarraitzaile ugari ditu Bizkaian eta Euskal Herri osoan, eta gaur askoz gehiago izango ditu, futbolzale ez direnen artean... eta gure herri honetakoak ez direnen artean ere bai. Oraingoan ere Europan zehar irudi gogoangarria utzi du-eta: joko ikusgarriaz gain, zaleen irudi koloretsu eta nekaezina, Athleticen banderekin batera inoiz baino gehiago ikurrinak eta presoen aldeko ikurrak... Gaurko finalera arteko ibilbidean herri honen izaera eta sentiera ezin hobeto erakusteko gauza izan da. Eta zalantzarik gabe, Europa osoan ere asko eta asko izango dira gaur Athleticen jarraitzaile, zaleen lagun. Izan ere, nola jokalariek hala zaleek ere erakutsitako jarrerak beren lurrean irabazita zuten miresmena zabaldu egin dute Europan. Eta gaurko partidako emaitza edozein dela ere, dagoeneko irabazia duten sari hori ez die inork kenduko. Aitzitik, gaur handitu egingo da, jokalariek eta zaleek beren jarrerari eutsiko diotela ziurtatuta dago-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo