GARA > Idatzia > Kultura

Herritarren olatua Donostia 2016 hiriburutzarekin batera lehertuko da

Olatu Talka, Donostian hirugarrenez antolatutako herritarren kultur jaialdia, berezia izanen da aurten. Alde batetik, ospakizun betean hasiko delako, 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren izendapen ofizialarekin batera; eta bertzetik, erdialdetik auzoetara zabalduko delako, itsasotik Urumea ibaira, baita herri euskaldun ugaritara ere. Etzitik igandera arte hainbat ekitaldik alaituko dituzte kaleak, eta bertako jendeak parte hartuko du, inoiz baino gehiago.

p045_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Asteburu honetan herritarren energia olatuek Donostiako eta Euskal Herriko ia hogei herritako kaleak hartuko dituzte, mota guztietako ekintzekin harrapatzen duten jendeari ezuste polit bat emateko asmoz. Bertzeak bertze, aukera izanen da etxeko balkoian baratzea nola jarri ikasteko, bizikleta bat inork ez ezagutzeraino berritzeko, taula baten gainean ibaia garbitzeko eta gau batez «Grease» filmeko protagonista bihurtzeko. Denera 200 jarduera baino gehiago prestatu dituzte kalean egiteko.

Badira txiki, lasai eta lagunartekoak, baita asmo handiagoko ekintza jendetsuagoak ere. «Ostiralive», adibidez, jaialdiari hasiera emanen dion formatu txikiko laurogei kontzertuz osatutako zirkuitua, Gipuzkoa osotik etorritako estilo ezberdinetako talde amateurren bozgorailua. Santa Klara uharteko itxurazko itsasargien instalazioa ere ekintza horietako bat da; EHUko arkitektura ikasleek elkarrekin sortu dute, 2016ren oinarrizko elementua den itsasargia babestu eta bere irudiari balioa emateko, eta hiriko edozein tokitatik ikusten ahalko da, izendapen ofizialetik aitzinera Donostiari eta euskal kulturari bere burua munduari erakusteko sortuko zaion bide berria argiztatzen. Ikusgarriak izanen dira erakusleihoetan eginen diren sormenezko esku-hartzeak ere, Stop Desahucios elkarteak kaltetuen argazkiekin eginen duen ekintza artistikoa, eta graffitigileek eraldatuko dituzten semaforo erreguladoreak.

Kultur bazkarian, bi mila lagun

Jarduera jendetsuenetako bat bi mila lagun baino gehiago mahaiaren bueltan bilduko dituen bazkari erraldoia izanen da. Bertan, tokiko produktuak janen dituzte eta ekintzaileen artean harremanak sortzeari balioa emanen diote. Mahai joko erraz batzuk proposatuko dituzte.

Itsasotik indarrez altxatu eta hiri osoa bustiko dute herritarren olatuek: Alde Zaharra, Gros, Egia, Intxaurrondo, Loiola, Altza, Martutene, Amara, Erdialdea, Antigua eta Añorga. Baina energia ez da horrekin ahituko eta bertze herri anitz ere hartuko ditu: Orio, Getaria, Bilbo, Pasaia, Baiona, Astigarraga, Gasteiz, Elgoibar, Andoain, Tolosa eta Arantza, bertzeren artean.

Olatu Talka handia izanen da, «superprodukzio bat», Eva Salaberria 2016 Bulegoaren koordinatzailearen hitzetan. Baina, Igor Otxoa proiektuen zuzendariak zehaztu zuenez, «ez Hollywooden estilokoa, 2016 estilokoa baizik». Prozesuaren balioa du eta dinamika berriak ari da sustatzen. Atzo sustatzaile guztien ordezkariak bildu zituen San Telmoko ekitaldian Otxoak azaldu zuenez, duela hiru urte Olatu Talka sortu zenean aukera eman zieten kultur eragile eta elkarte amateurrei jendaurrean beren burua erakusteko eta beren lanean aitzinera egiteko.

Hurrengo urtean harremanak ugaritu eta sakondu egin zituzten eta hortik ekintza politak sortu ziren. Eta aurten, hirugarren edizioan, bertze pauso bat eman dute jaialdia zabalduz eta «jada definitua dagoen kultur proiektuaren balioak sustatuz».

Santi Eraso Hautagaitzaren Kultur zuzendariak aitortu zuenez, aste hau «emozionalki oso berezia» izaten ari da beretzat. «Istorio fantastiko bat, amets bat idaztea bezala izan da. Hasieran ez zuen jende askok sinesten, baina hunkitu egiten naiz hemengo aniztasun politikoa ikusita, Bilduren sarrera...». Ibilbidea gogorra izan dela onartu zuen, baina airean sumatzen zen energia eta indarrak, eta jendearen, instituzioen eta elkarteen inplikazioak amaiera zoriontsua iragartzen zutela adierazi zuen, istorio fantastikoa errealitate bilakatzeko modukoa.

HERRITARREI MEZUA

Olatu Talka Donostia 2016ren zatitxo bat da, Bulegokoek nabarmendu zutenez, garrantzitsua nola lan egin nahi duten adierazten duelako. Dei egin zieten herritarrei «sutsuki parte hartzeko eta proiektua guztiona dela sentitzeko».

Fitxa

Lekua: Donostia eta Euskal Herriko ia hogei herri.

Data: Ostiraletik igandera.

Antolatzailea: Donostia 2016 Bulegoa, artista, herritar eta elkarte ugarirekin, eta Kutxaren babesarekin.

2016 Bulegoa behin betiko lan taldea definitzen ari da

Eva Salaberria 2016 Bulegoaren koordinatzaileak erran zuenez, barreneko zeregina dute orain lehentasun: faseak, baliabideak, taldeak, kudeatzeko eta egiteko moduak... Horretaz guztiaz mintzatzen ari dira, dena antolatzen, eta fase honen ondotik jakinaraziko dute zein izanen den behin betiko lan taldea. «Proiektu hauek oso luzeak izaten dira eta fase bakoitzerako behar diren profilak egokitu behar dira. Orain hurrengo hilabeteetan zer profil behar diren ikusten ari gara», agertu zuen. Fundazioa ere hemendik gutxira eratuko dutela iragarri zuen.

Ainara Martin orain arteko zuzendari artistikoak dimisioa ematea erabaki du arrazoi pertsonalengatik eta bulegokoek adierazi zutenez, hori errespetatu bertzerik ezin dute egin. Igor Otxoa proiektuen zuzendariak azaldu zuen hagitz egitasmo zabala dela, ez dela artera mugatzen, eta ikusi egin behar dutela guztia nola bideratu eta ze akordio egin artista eta elkarteekin. Horretarako etengabeko feed-backa dute eragileekin eta erabat irekita dituzte ateak herritarrentzat, betiere «ongi definitutako bide orri batekin». M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo