Ohiko politikaren bukaera iragarri dute Italiako udal hauteskundeek
Italiako ohiko politika eta politikarien aroa bukatu dela iragarri dute udal hauteskundeen lehen itzuliko emaitzek. Abstentzioaren igoerak, Silvio Berlusconiren PDL alderdiaren zein Lega Nord-en porrotak eta Bost Izarren Mugimenduaren gorakadak hala erakusten dute.
GARA | ERROMA
Udal hauteskundeen behin betiko emaitzak ezagutu ondoren, izandako abstentzio handiak, Silvio Berlusconiren eskuinaren porrotak eta Beppe Grillo komikoa buru duen Bost Izar Mugimenduaren gorakadak agerian utzi dute Italiako gizartea ohiko politikarekiko gogaitua dagoela.
«Porrot honek aro baten bukaera adierazten du, eskuinak, Berlusconi buru zuela, modu batean edo bestean hauteskundeak irabaztea lortzen zuenekoa», laburtu du Antimo Farro soziologoak.
Emaitzen arabera, Berlusconiren PDL, beheranzko joeran, maiatzaren 20an eta 21ean izango den bigarren itzulitik kanpo geratu da hainbat hiritan.
Hori gertatu da, besteak beste, hauteskundeak izandako hiri handienean, Palermon, bertan ezkerreko bi hautagaiek lortu baitituzte lehenengo postuak. Berdin gertatu da Genoan, Parman edo Veronan. Horixe bera gertatu zaio PDLren kide izan zen Lega Nord-i (Iparraldeko Liga) ere. Alderdi horrek «Marine Le Penen Fronte Nazionalaren pentsamoldetik hurbilen dagoena, porrot handia jasan du, batez ere ustelkeria arazoak direla-eta», azaldu du Farrok.
2011ra arte Italia gobernatu zuten bi alderdi horien hondamenditik etekina atera du zentro-ezkerrak, baita PD ezkerreko alderdi nagusiak ere.
Horiez gain, Bost Izarren Mugimendua ere irabazle atera da. Politikan sartu den Beppe Grillo komikoak zuzentzen du mugimendu hori. Aurkariek «populistatzat» jotzen dute, baina Massimo Gramellinik, «La Stampa» egunkariko editorialen arduradunak atzo azaltzen zuenez, «mugimendu horrek ez du politikaren aurka jotzen, ohiko politikarien aurka baizik». Horiek Europako politiken aurkako jarreren beldur dira. Izan ere, Grillok Italiak euroa uztea eta zorra ez ordaintzea aldarrikatzen du. Murrizketa eta zerga igoera ugariek jendartean piztu duten haserrea islatzen du. Grilloren esanetan, «Estatua mafia baino gaiztoagoa da, horrek ez baitzituen bere hiritarrak itotzen». Gazteen botoa eskuratu du batez ere, erretiro-pentsio guztiei -politikariena barne- 3.000 euroko muga jartzea eta gisako proposamenekin.
Veneziako probintzian -Lega Norden gotorleku zena- lehen itzulian eskuratu du Saregoko alkatetza. Parman ere emaitza bikaina lortu du Bost Izarreko Mugimenduko hautagaiak, botoen %20, eta bigarren itzulian PDkoaren aurka lehiatuko da.
«Birusa hedatzen ari da! Parlamentura itzuliko gara!», iragarri zuen Grillok, politikarien hitzetan «pailazoa», «fenomeno mediatiko kezkagarria» eta «kontrolik gabeko gizona» denak.
«Hauteskunde hauen emaitzak indar politikoentzat zein hiritarrentzat politikarekin duten harremanari buruzko hausnarketa egiteko arrazoia dira», adierazi zuen atzo Giorgio Napolitano estatuburuak.