GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

La Maison legalizatuz

Aurrera egiten uzten ez digun oreka zikliko batean harrapaturik gaude: okupatu, bertakotu, kanporatu, salatu, okupatu...

Bilboko Alde Zaharreko La Maison squat-aren hustuketa salatu zuten atzo sare sozialek eta 19:30etako elkarretaratzean batu zirenek. Nik, bitartean, etxebizitzen epe laburreko prezioen eta epe luzeko eraikuntza kopuruen orekaren teoria memoritzatzen nuen, gezurrik objetiboenak adierazten dituzten grafikoen abzisa eta koordenatuei kili-kili eginez.

Dinamika antierrepresiboek, ni sutara botatzeko gogoa sentituko duzuen arren, sekula ez dute ezer ere konpondu. Erlijioan otoitzak duen funtzioaren antzekoa betetzen dute: ezer ezin egin dugunean zerbait egiten gabiltzan sentsazio lasaigarria eragitea. Sentsazio hori konpartitu, eta aspaldiko lagunak ikusi. Hala ere, hori gabe boteredunak askoz gupidagabeagoak lirateke.

Gizarte proiektuak zehazteko funtsezkoa den Hautapen Kolektiboaren Legearen ikuspegitik, aurrera egiten uzten ez digun oreka zikliko batean harrapaturik gaude: okupatu, bertakotu, kanporatu, salatu, okupatu... Aurreko belaunaldiek Churchilen esana egiaztatzen dute: hogei urterekin ezkerrekoa ez denak ez du bihotzik, berrogeirekin eskumakoa ez denak ez du bururik. Eta belaunaldi berriek lekukoa hartu dute. Okupazioa Euskal Herrian gazte berbari hain lotuta egotea erakargarria da epe laburrean, baina traba bat da luzera.

Gaztetxeek eta squat-ek badute zerbait komunean: merkatuaren legeek erabilpen oker batera bideratu dituzten oinarrizko ondasunei funtzio sozial bat ematen dietela, okupazioaren bidez. Gaztetxeak, Comunity Center filosofia ipar-irlandarraren baitan ulertuta, gizarte modernoen kultura eta hirigintza kontzeptu alternatiboak garatzeko tresna izugarriak dira. Oso ondo azaldu zuen hori Ramon Zallok Kukutzari buruzko artikulu bikain batean. Squat-ak, berriz, etxebizitza eskubidean zentratzen dira. Eta erabiltzen ez diren oinarrizko ondasunak, etxebizitzak, berrerabiltzen dituzte jabearen baimenik gabe. Bide batez, merkatuaren akatsak eta jabeen arduragabekeria soziala salatzen dituzte.

Galdera da, zelan egonkortu eta garatu interes orokorraren ikuspegitik hain positiboak diren dinamikak? Ziur bainaiz, dinamika horien aurkako errepresioa anulatuz gero, bizikidetzarako espazioaren askoz banaketa justu eta eraginkorragoa gertatuko dela epe ertainera.

Ez ahaztu Kopenagheko Kristiania eta Ekialdeko Berlin lost-paradise direla merkantilizazio aro honetan.

Ba zapi zuri eta txapel belztun andra hark esan zuen moduan: «hemen eta orain posible da». Europako beste inon posible ez dena hemen eta orain gerta dadin baldintza bat dago, ordea: ezker abertzaleak bere agendaren erdigunean kokatu behar du gaia.

Hau da, lehenego aldiz mugimendu sozialen eskakizunak botere politikotik aplikatzeko besteko babesa egon liteke instituzioetan.

Argi dago ez garela hiru etxe dituenari bat kendu eta ez daukanari ematen hasiko. Nigatik ez dago arazorik, baina ez ahaztu gure herrikoa poltsikoan diru gehien duen ezker erradikala dela. Agian gutxiago ginateke onuradunak kaltetuak baino.

Baina oso gauza ezberdina da erabiltzen ez diren oinarrizko ondasunak helburu sozialarekin berrerabiltzea legez babestea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo