GARA > Idatzia > Kultura

John Andueza nerabeen unibertso propioan sartu da, eurentzat bereziki idatzitako nobelan

Gaur egun gazteen erreferentzia gehienak atzerritik datozela ikusita eta bere 12 urteko semearen institutuko kontuak adituta, John Anduezak ahalegina egin du «Larunbatean Bukowskin» eurentzat idazteko.

p048_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Irailaren 7an, Donostiako Bilintx institutuan ikasturte berria hasi da. Urtero legez, tribu ezberdinak nahastuko dira bertan: modernoak, frikiak, punkiak, hip-hoperoak eta apatxe bakartiak. Nerabe horien unibertso propioan sartu da John Andueza (Oregon, AEBak, 1966), «Larunbatean Bukowskin» liburuaren egilea. «Gazteen arteko harreman konplikatuak, teknologia berriak, sexua, drogak... rock and rola! Eta halako batean, institutuan norbaitek kamera txiki bat ezkutatuko du nesken aldagelako azken dutxan...». Anduezaren lehendabiziko nobelako orrietan aitzinera egin ahala, badirudi pertsonaiak eta egoerak ikusi egiten dituela irakurleak.

«Ez nuke esango pelikula bat dela, baina badauka helburu hori, ez literatur sakona edukitzea esku artean, baizik eta arina izatea, balio gehiago ematea tramari, elkarrizketei», adierazi zuen urte luzez telebistan eta zinean aritu den idazleak. Donostiako institutu batean girotu du hamabost urteko neska-mutil kuadrilla baten kronika martxosoa, baina Euskal Herriko beste edozein institutu ere izan zitekeen.

«Autore batentzat, edozein delarik ere generoa -literatura, musika...- zaila da bere lanaz hitz egitea. Obra hor geratzen da eta bidea gero hasten da. Zenbat liburu dauden ikusita konturatzen zara zenbat jende dabilen lanean eta zure lana aletxo bat gehiago da bide horretan», jarraitu zuen azaltzen. Balioen artean, aipatu zuen badagoela ahalegin bat lan hau bereziki gazte jendearentzat izateko, idazkeran, narrazioan eta traman.

Nahiz eta lehenengo literatur lana izan, aspaldikoa du idazteko zaletasuna, ipuinak bereziki. Urte askotan bereziki telebistarako egin du, eta «Larunbatean Bukowskin» berriro literaturara itzultzea izan da berarentzat. Gazteek kontsumitzen dutenaren neurri handi bat beste hizkuntza batean jasotzen dutela konturatuta, saiakera egin du gure pertsonaiekin, ikuspuntuarekin eta istorioekin entretenitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo