GARA > Idatzia > Kultura

Nola Rae clownak emango du Arrigorriagako Pailazoen Jaialdiko ikastaroa

GARA | BILBO

Euskal Herrian sortutako bi ikuskizun, Estatu espainoletik gerturatutako zazpi, eta Argentina, Australia, Belgika, Brasil eta Ingalaterratik etorritako beste seik osatzen dute asteburu honetan ospatuko den Arrigorriagako XVII. Nazioarteko Pailazoen Jaialdia. Gonbidatutako hamazazpi taldeek hamabost ikuskizun eskainiko dituzte estalpean zein herriko plazetan, herritarren zein bisitarien nahiak ase, eta artista eta ikusleen arteko harreman eta gertutasuna ahalbidetuz.

Arrigorriagako Nazioarteko Pailazoen Jaialdiak «hobera egin du urte batetik bestera», Arrigorriagako alkate Asier Albizuak aurkezpen ekitaldian azpimarratu zuenez. «Edizio bakoitza aurrekoa baino arrakastatsuagoa da. Aurrekontua murriztu bada ere, lehen mailako artistak gonbidatzeko ahalegina egin dugu, eta horregatik izango da Nola Rae gure artean, bere ikuskizuna eszenaratzeko eta profesional zein zaleentzat antolatutako ikastaroa emateko», gaineratu zuen.

Jaialdiaren ezaugarrietako bat ikusle eta artistak gertu-gertu egotea da. Gainera, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Aldundiko Kultura zuzendariaren esanetan, «urte hauetan guztietan egindako lan bikainari esker, Arrigorriagako Jaialdia ezinbesteko kultur hitzordua bilakatu zaigu Bizkaiko kultur eskaintzan».

Arrigorriagako jaialdiaren 17. edizioak hiru zenbakia du erreferente, hiru egunekoa baita bere iraupena, hiru egunetan emango baitu Nola Raek ikastaroa eta hiru lengoaia nagusi direlako, euskara, gaztelania eta antzerki gestuala, Amagoia Garaizabal zuzendariak adierazi zuenez.

Emakumeen presentzia programazioan indartzeko ahalegina nabarmendu zuen Garaizabalek, eta pozik azaldu zen aurtengo ikastaroa Nola Rae clownak emango duelako. Gainera, istripu baten ondoren etorri ezinik gelditu den Neto Duet taldearen tokia Compañia Cronopia Contorsioneseko kide den Agostina Mendiola artista argentinarrak hartuko du.

Marcel Gros, Jam...

Aipaturiko Nola Raez eta Cronopia Contorsiones taldeaz gain, Bowjangles, Circ Hula, Circ Menut, Elegants, Hortzmuga, La Güasa, Lusco e Fusco eta PTV Clowns konpainiak eta Marcel Gros, Toni Alba, Niño Costrini, Ganso & Cia eta Jam artistak izango dira jaialdian.

Iragarritako agerraldiak ikusle ororentzat prestatu badira ere, hainbat ekitaldi tartekatu dira umeentzat, esaterako Eskola Publikoan Circ Menuten tailer didaktikoa edo kartel lehiaketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo