Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Hezkuntza publikoa
Azken egunotan gogaituta nabil gobernu zentralak bultzatutako Hezkuntzaren erreforma ezarriz gero, nire lanpostua gal dezakedalako. Irakasle elkartua naiz unibertsitatean, hau da, kanpoko aditua. Ez da lan bikaina: 18 kreditu ematen ditut (eman daitekeen gehiena, momentu honetan, 24 kreditu dira) baina ordainsariaren herena jasotzen dut, klaseak prestatzeko eta ikerketa egiteko orduak ez baitzaizkit ordaintzen, ezta kotizatzen ere. 722 euro gordin hilean. Hala ere, gustuko dut irakastea, eta egoera hobetu arte, hau da aukera bakarra.
Tamalez, lege berriarekin, 24tik 32ra igotzen dira bete beharreko kredituak: klase ordu, prestakuntza ordu gehiago, eta horren ondo ezagutzen ez diren gaiak (ikerketarako denbora murrizten delako) irakastea dakar horrek; eta noski, ni bezalako «opliten» kaleratzea. Aldi berean, Sporting Intelligence agentziak kirol taldeek jokalariei ordaintzen dizkieten kopuruak argitaratzen ditu. Batez bestez, Athleticeko futbolari batek 110.400 euro inguru irabazten ditu hilean. Eta Athleticek urtean 3 milioi euro jasotzen ditu Bizkaiko Aldunditik.
Ez zait gaizki iruditzen futbolariak profesionalak izatea; ordainsarien proportzioa, ordea, toleraezina iruditzen zait. Irabaz dezatela gaur Bukaresten zuri-gorri guztien pozerako. Baina hurrengo urtean, unibertsitateko irakasle gaineztatuek depresio edo estresarengatik baja hartu eta klaserik gabe geratzen direnean, jarraitzaile horiek edo euren seme-alabak, pentsa dezatela futbolariek hilean 10.000 euro gutxiago kobratuko balute (nire urte osoko soldata baino gehiago), 3 milioi horiek hezkuntzan zein onura egingo luketen.