Mikel Zubimendi Kazetaria
Bilduk urtebete...eta urte askotarako!
Urtebete igaro da Bilduren olatuak aurreikuspen eta eskema politiko asko eta asko hankaz gora jarri zituenetik. Herri honetan azken aspaldian bizi izan den zoriontasun eztanda frenetikoena ez bada, hortxe-hortxekoa gertatu zenetik.
Politikan arrakasta gurpil handi bat da eta horren birak ez du denbora luzez zoriontasuna gozatzen uzten. Bilduren arrakastaren arrazoiak, nire ustez, bi izan ziren funtsean: baga, ezker abertzaleko ohiko parrokia baino harago joatea, kontaktu puntu eta konexio ugari berritu izana ezkerreko herri abertzalearekin. Herrikoetako edo Alkartetxeetako paretetan itxi ez daitekeen komunitate natural eta zabal bat ordezkatzea, bere oinarrizko kezkak interpretatu eta nahiei adierazpidea ematea. Biga, Bildu osatzen duten alderdi eta aparatuen jabetza ez izatea, abonatuentzako zirkuitu itxi horietan kodifikatu ezin izatea.
Asko maite dut «asmatu» hitza. Aukera guztien artean erabaki onak eta existitzen ez diren soluzioak asmatu egin behar dira; asmatu, Bilduk sinbolizatu zuen freskura eta zapore herritarraren balioa agerian jartzen, etengabe berritzen. Alderdien funtzionamendu hutsa izango ez den bizitza propioaz hornitzen.
Asmatzen ari al da? Ia 1.200 hautetsi eta ehundik gora alkate ditu Bilduk. Zenbat ikusi ditugu jendaurrean? Ez al da denbora berri bat aurpegi eta protagonista berrien denbora? Iruditzen zait hor badela demontre kezkagarria, iraganeko aurpegi eta itzal gehitxo dabiltzala orainean.
Sortu legeztatuko dutela diote. Ez dakit. Sortu inflexio puntu bezala hartzea, baina, gauzak ikaragarri erraztu eta errotik aldatuko dituen gertakizun gisa aurkeztea, askotxo esatea da. Ez dut esaten Sortuk -eta ezkerreko beste alderdi abertzaleek- desagertu behar dutenik, baina bai plaza publikoan sartu-irten bat egin eta Bilduren fenomenoa eta filosofia antolatu eta ordezkatuko duen aliantza herritar garden baten mesedetara jarri behar dutela, profil baxu batekin jokatuz eta bidea libre utziz.
Errotonda handi batean dabil euskal politika. Eskemak eta ideiak norabidez aldatu eta bidean aurrera egiteko une zoragarri ederra da. Aukera asmatu eta argi-keinukariekin bidea seinalatu behar da. Bildu da niretzat norabidea. Besteak, atzetik.