GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Benetako istorioa

Frantziako langabezia institutuan eman dut izena, Pôle emploi izeneko zerbitzuan, Lapurdin bizi bainaiz. Paperekin atzera eta aurrera ibili ondoren lortu nuen lehen elkarrizketa. Burokraziarekin aurrez aurre jarri behar duguneko aldartearekin nindoan, urduri, defentsiban (edozerekin haserretu eta matxinatzeko prest), eta zertxobait lotsatuta. Hitz egin dezagun garbi: estatuarekin pare-parean jartzeko tenorea suertatzen denean, ez dugu izaten egunik zoriontsuena. Hitzordura iritsi orduko, ordea, hara non agertu zitzaidan emakume beltz bat. Zuriek baino konfiantza gehiago ematen didate beltzek, zer egingo diogu. Eskua luzatu eta nire dosierra atera zuen. Langabezian zergatik geratu nintzen galdetu eta segituan hasi nintzen nire kasua kontatzen. Gero kazetaria naizen galdetu zidan, eta baietz, horretan jardun dudala hamar urteotan. Buruaz baietz egin zuen, dosierra itxi eta esan zidan: «Ez dugu suertea oraingo buruzagi ustel hauekin guztiekin, ez duzu uste?». Harrituta geratu nintzen. Orduan zartako bat eman zuen mahaian, eta berriz ekin zion: «Zer egin du langile jendeak mendeetan eta mendeetan? Lan. Zer egin dute agintari oportunista lapur guztiek? Aberastu. Amaitu da istorioa. Hitz egin dezakegu gehiago, baina beti iritsiko gara printzipio madarikatu eta irudiz mugiezin horretara. Ikusazu nola dagoen mundua. Mundua haserre dago. Gero eta haserreago, eta orduan eta polizia gehiago. Ikusten dituzu gazteak eskola duinak jasotzeko borrokan, eta egurra besterik ez diete ematen». Beltzen gisa ari zen, burua modu bitxi horretan mugituz, eskuekin imintzioak eginez, dantzan ariko balitz bezala. Formularioa atera zidan gero, eta hura betetzen lagundu. Amaitu aurretik esan zidan: «Izan kuraia», eta, ordutik, ezin dut eskizofrenia sentimendu hau gainetik kendu.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo