Euskal ekonomiak ez luke etorkizun beltza duen Estatu espainolaren eskutik joan behar
Mariano Rajoy espainiar Gobernura heldu bezain laster, defizit publikoa jaisteko aitzakiarekin murrizketa gogorrak eta erreformak onartu zituen, eta horrela jarraitzen du, astero antzeko neurriak iragartzen. Baina Europar Batasunak atzo adierazi zuenez, horrek guztiak ez du defizita behar bezainbeste apalduko, eta, aldiz, Estatu espainolak atzeraldian jarraituko du gutxienez heldu diren bi urtean. Grezian edo Portugalen gertatu den bezala, PPren gobernuak ikurtzat hartu duen herstura ekonomikoak ondorio latzak eragingo ditu espainiar ekonomian, eta litekeena da laster sei milioi langabeen maila gainditzea. Bankuak «erreskatatzen» tematuta dagoen Estatuak etorkizun beltza dauka, eta bertako agintariek ez dute orain arte erronkari aurre egiteko trebetasunik erakutsi.
Kontua da Hego Euskal Herriko ekonomiak etorkizun beltzeko Estatu horren eskutik helduta jarraitzen duela, eta bere eragina sumatzen duela: EAEko ekonomia atzeraldian sartu dela berretsi zuten atzo bertan, BPGa %0,3 murriztu baita azken hiruhilekoan. Horiek horrela, herri honek hobe luke bere bidea egitea, hondora eramango duen estatuari lotuta jarraitu gabe.