Gas leherketa batek Arrasateko baserri bat birrindu eta bi hildako utzi ditu
Atsekabea eta ezin sinistua ziren nagusi atzo Arrasateko Gesalibar auzoan, gas eztanda batek Aldape baserria erabat eraitsi eta bertan bizi zen familiako bi kideren heriotza eragin ostean. Hirugarren bizilaguna larri zaurituta eraman zuten Gurutzetako ospitalera. Paisaia erabat desitxuratua utzi zuen ezbeharrak, lehen etxebizitza zena, harri eta egur pila bihurtuta.
Iraia OIARZABAL | ARRASATE
Eztanda ikaragarri batek esnatu zituen atzo goizaldean Arrasateko Gesalibar auzoko bizilagunak. Ez zuten uste ordea, leherketa hark Aldape baserria erabat birrindu eta bertan bizi zirenak harrapatuta utziko zituenik. Eztandaren ondorioz, Jose Ignazio Uriarte eta Milagros Arana, 65 eta 57 urtekoak, zendu ziren. Lehenengoaren emazte eta bigarrenaren ahizpa, Izaskun Arana, larri zauritu zen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten.
Goizaldeko 3.30ak ziren Argi Errota baserriko Jose Mari Ormaetxeak eztanda bat entzun eta honen tamainagatik izututa leihotik begiratu zuenean. Ez zuen ezer ikusi inguruan, eta ohera itzuli zen, AHTren lanetan izandako eztanda bat zelakoan. Izan ere, ohikoak ei dira Arrasateko auzo horretan.
Ezustekoa goizeko zazpietan hartu zuen Ormaetxeak, etxetik irten eta lanerako bidea hartu zuenean. Errepidean egur zati ugari ikusita, zer gertatzen zen ikustera hurbildu eta orduan ikusi zuen Aldape baserria erabat eraitsita, harriak eta egurrak besterik ez. GARAri azaldutakoaren arabera, bere etxetik ez da Aldape baserria ikusten, horregatik ezin izan zuen gertatutakoa ikusi. Gertaeraren larritasunaz jabetuta, Ertzaintzari deitu zion Ormaetxeak eta berehala hasi ziren erreskate lanak.
Ordurako ordea, hiru ordu zeramatzaten gorpuek hondakinen azpian harrapatuta eta zaila zirudien bertatik bizirik atera ahal izatea. Ormaetxearen esanetan, bera eta emaztea ertzainekin joan ziren Aldape baserriraino, etxearen distribuzioari buruzko datuak emateko helburuarekin. Horrela, logelak non kokatzen ziren azaldu eta bertara zuzendu ziren berehala ertzainak.
Pedro Anitua Lakuako Gobernuko Larrialdietako zuzendariak adierazi zuenez, gorpu bat mugitzen ikusi zuten ertzain eta suhiltzaileek eta, denbora galdu gabe, erreskateari ekin zioten. Izaskun Arana zen harri artean harrapatuta zegoena, eta Anituaren arabera, kolpeen ondorioz larri zaurituta topatu zuten. Helikoptero batek eraman zuen Gurutzetako ospitalera.
Bizilagunen nahigabea
Jazoeren berri izan bezain pronto, Gesalibar auzoko bizilagunak Aldape baserriko inguruetara gerturatu ziren erreskate lanen berri izan nahian. Baserriaren egoera ikusita, atsekabea eta samina nagusitu ziren goiz osoan zehar. Zauritua ospitalera eraman ostean, beste bi lagunen bila hasi ziren. Jose Ignazio Uriarte eta Milagros Arana hilik aurkitu zituzten. Lehengoa berehala topatu zuten, Aranaren erreskateak ordea, denbora gehiago behar izan zuen.
Hiru ordu inguru eman zituzten ertzain eta suhiltzaileek Milagros Aranaren bila. Elorriotik ekarritako heziketa bereziko txakurren beharra ere izan zuten. Azkenean, 11.00 aldera aurkitu zuten gorpua ohean. Jarraian, ehorztetxeko bi autok eraman zituzten gorpuak.
Bizilagunen artean ostera, tristezia eta ezin sinistua agerikoak ziren orduak pasatuta ere. Argi Errota baserriko bizilagunek hunkituta begiratzen zioten behera eroritako eraikinari eta kostata ematen zuten gertatutakoaren berri.
Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkatea ere hurbildu zen Gesalibar auzora, zer jazo zen zuzenean jakin nahian. Hitz gutxi irten ziren bere ahotik, hunkituta eta bere samina ezkutatu ezinik, gertaeraren larritasuna azpimarratu zuen eta familiari doluminak eman zizkion. «Harritzekoa da zelan gelditu den baserria, nola jausi den dena», esan zuen nahigabetuta.
Bonbona baten jarioa
Propano gasezko bonbona baten jarioak eragin zuen ezbeharra; harrigarriena ordea, baserri osoa amildu eta bonbona osorik atera izana da. Anituak jakinarazi zuenez, gas jarioak eragin zuen eztanda, baina oraingoz ez dago hipotesi argirik. «Gauean gertatutako jario batek arrazoi ugari izan ditzake. Ez dela nahitakoa izan, hori da baieztatu dezakegun bakarra», argitu zuen.
Bonbona hodiari lotuta zegoen suhiltzaileek topatu zutenean, eta eraikinean eragindako kalteen inguruan galdetuta, eraikin baten barruan gertatzen den leherketak barrualdeari bakarrik eragiten diotela azaldu zuen. Eztandak ordea, oso handia behar zuen baserria erabat birrintzeko. Industria zerbitzuak eta Repsolek jarioaren zergatia aztertu beharko dute orain.
Arrasateko Udalak ohar bat kaleratu zuen atzo Aldape baserriko senideei elkartasuna eta doluminak adierazteko. Bestalde, erreskate lanetan aritu zirenen profesionaltasuna nabarmendu nahi izan zuen.
Eztandaren ondorioz, baserria erabat eraitsita gelditu zen. Bizilagunen arabera, eraikina zaharra izan arren egoera onean zegoen, eta duela hogei bat urte eraberritua izan zen.
Bizilagunen arabera, leherketa ikaragarria izan zen, baina inguruan ezer sumatu ez zutenez, AHTren lanen ondorio izan zela pentsatu zuten. Goizean ikusi zuten eztandak Aldape baserria eraitsi zuela.
Propano bonbona hodiari lotuta topatu zuten suhiltzaileek eta ez dago argi zein izan zen jarioaren zergatia. Leherketaren ostean, butano bonbona osorik, inongo kalterik gabe, atera zuten baserritik.