GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Hamaika gara» Anoetan, ekainaren 23an, kirol festa eta aldarrikapena uztartuz

Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioak nazioarteko lehen partida izango du Eslovakiaren aurka jokatuko duena. Egun historikorako festa eta aldarrikapena uztartuko dituen jaialdia antolatu dute.

p021_f02_149x105.jpg

Jon ADAN | DONOSTA

Esait-ek, Euskal Herria Kirola-k eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak jaialdi berezia antolatu dute ekainaren 23rako, Donostiako Anoeta estadioan, «Hamaika gara» lelopean, Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioak Eslovakiaren aurka jokatuko duen partida historikoa dela-eta.

Kontseiluko Maite Indak atzoko prentsaurrekoan adierazi zuenez, oso ekimen berezia prestatzen ari dira ekainaren 23ko egun historikorako. Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioak Eslovakiaren aurka jokatuko duen partida, Euskal Herria, futbol selekzio gisa, nazioarte mailan lehiatuko den lehena izango da; eta horregatik, festa eta aldarrikapena uztartuko dituen jaialdia prestatu dute.

Hamaika helburu eta ekintza

Ekitaldiak euskal selekzioen aldeko aldarria, euskaraz bizitzeko nahia, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna eta herritarren parte-hartze zuzena izango ditu oinarri. Maite Indaren esanetan, «egun horretan, kirolzaleok, euskaraz bizi nahi dugunok, parekidetasunaren aldekook, haur eta gurasook, gazteok, aldarrikapena eta festa giroa uztartu nahi dugunok, ekainaren 23an hitzordua dugu Anoetako estadioan».

Ekimenaren funtsa Jon Maiak prestatutako adierazpen batean jaso dute, eta hori Esaiteko Itziar Arratibelek irakurri zuen. Adierazpen hori zabaltzeko milaka esku-orri banatuko dituzte ondorengo asteotan, eta herritarrek atxikimendu adierazteko aukera izango dute ekimenaren berri emango duen webgunean. Bestalde, ekainaren 23rako egitarau zehatza hurrengo agerraldi batean aurkeztuko duten arren, prestatzen ari diren aldarrikapen jaiaren zertzelada batzuk eman zituzten atzo.

Goizeko 10.30 aldera hasiko da ekimena Anoeta estadioaren kanpoaldean. Kale animazioa, haurrentzako tailerrak, taloak eta ohiko edari eta jaki karpa izango dira. Horrez gain, euskal jokoen txapelketa antolatuko dute eta bertan izango dira Porrotx eta Irrien Lagunak ere, haurren gozamenerako. Era berean, DJ Bull arituko da goiz osoan musika jartzen.

Bazkalondorako, Anoetako futbol-zelaiaren barnealdean, abeslariak, bertsolariak, hainbat kirolariren arteko buruz buruko lehiak, kirolari ezagunen material zozketa, eta beste hainbat ezusteko edo sorpresa prestatzen ari dira. Ondoren, 16.30 aldera, Euskal Herria-Eslovakia emakumezkoen nazioarteko futbol partida historikoa hasiko da.

Azkenik, partida ostean, kanpoaldeko janari eta edari karpa 20.30ak arte zabalik egongo da. Bestalde, Mikel Troitiñok, Euskal Herria Kirolako kideak adierazi zuenez, ahalegin berezia egingo dute garraio arloan, eta autobusak antolatuko dira jaialdian parte hartu nahi duen ororen joan-etorria errazteko.

Bukatzeko, herritarrentzat antolatutako ekimen berezia izanda, Anoeta barruko ekimenetan parte hartu ahal izateko ordaindu beharreko sarrera ere «herritarra» izango da.

Egun historikoa

Ekainaren 23an Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioak Eslovakiaren aurka jokatuko duen partida nazioarteko lehena da. Horregatik, festa eta aldarrikapena uztartuko dituen jaialdia prestatu dute.

Helburuak

Anoetan ospatuko den ekitaldiaren oinarriak dira euskal selekzioen aldeko aldarria, euskaraz bizitzeko nahia, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna eta herritarren parte-hartze zuzena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo