GARA > Idatzia > Mundua

Urte eta erdi geroago, kolera izurriteak gora egin du Haitin

Haitin «kasko urdinek» duela urte eta erdi eragindako kolera izurriteak gora egin zuen apirilean, ustez euriteen ondorioz, eta gaixo kopurua lau aldiz handitu da. Osasunaren Erakunde Panamerikarraren datuen arabera, aurten 250.000 pertsona kutsatuko dira koleraz, gehienak apirila eta azaroa bitartean, eurite eta urakanen sasoian.

GARA |

Lurraldea miseria gordinenean hondoratu zuen lurrikararen ondoren, Nepaleko kasko urdinek kolera izurritea zabaldu zuten Haitin. Duela urte eta erdi eragindako kolera agerraldi horrek gora egin du azken hilabeteotan, eta orain arteko egoera gogorrenetako bat pairatzen ari dira herritarrak.

Port-au-Prince hiriburuko Anai-arreba Txikien ospitaleko erizainburuak, Marie Iderle Felestorek, azaldu duenez, «normalean hilero 300 eta 400 gaixo inguru iristen dira»; apirilean aldiz «800 iritsi ziren eta 100 hildako inguru» eragin zituen gaixotasunak, «aurreko hilabeteak heriotzarik gabe igaro ondoren». Bertan artatzen dituzte koleraz kutsatuak dauden gaixo larrienak.

Gaixotasuna zabaldu izana, ustez, apiriletik aurrera jasaten ari diren euriteen ondorioa da, uraren kutsadura maila handitzen baita. Gainera, herrialdeko higiene baldintza eskasek ere izurria areagotzen dute.

Nazio Batuen Gai Humanitarioen Koordinazio Bulegoak ere gaitzaren gorakadaren berri eman du, apirilaren 8tik 10era bitartean gaixo kopurua lau aldiz handitu zela nabarmenduz. Ondorioz, urte hasieran lortutako beheranzko joera alderantzikatu egin da.

Osasunaren Erakunde Panamerikarraren datuen arabera, heriotza tasa bere horretan dagoen arren (%1,3), 2012. urtean 250.000 pertsona gaixotuko direla aurreikusten da, batez ere, iraila eta azaroa bitartean, eurite eta urakanen sasoian.

Gaixotasunaren ondorioak arintzeko asmoz, Biztanleria eta Osasun Publikoko Ministerioak eta Partners in Health gobernuz kanpoko erakundeak 100.000 pertsona babesteko helburua duen txertatze kanpaina abiatu dute Artibonite eta Oeste departamenduetan.

Horrez gain, herritarrei osasunerako formakuntza emateko saioak martxan jarriko dituzte, higienearen gaia abiapuntutzat hartuta. «Higienea hobetu behar dugu. Herrialdean dugun higiene faltaren ondorioz gaixotasun hau luzaroan jasan beharko dugu», dio Felestorek.

Baina, Jacky Narcissek, lurrikararen ondorioz izandako hainbat eta hainbat desplazamenduen ondorioz sortutako errefuxiatu esparruetako arduradunak, kanpamenduetan gaitzari aurre egiteko Gobernuaren laguntza gehiago behar dela uste du, eta diputatu zein ministroen interes falta salagarria dela deritzo.

bortxaketa

Johny Jean haitiar gazteak Nazio Batuen bost «kasko urdin» uruguaitarrek bortxatu zutela errepikatu zuen atzo epailearen aurrean, froga ugari erakutsiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo