GARA > Idatzia > Kultura

Bizipenen erakusketa, Urolako trena eta jendea omentzeko

Azpeitiko Argazki Elkartearen laguntzarekin, Urolako trenaren azken bidaia oroitzeko erakusketa berezia ireki du Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak. Inoiz erakutsi gabeko argazkiek eta lekukotasunek hezurra eta haragia jartzen diote burdinbidearen historiari.

p053_f01.jpg

Maider IANTZI | AZPEITIA

Burdinbidearen Euskal Museoan zabaldu duten erakusketan inoiz ikusi gabeko argazkiak jarri dituzte trenbide artean, aldamio batzuen gainean, Azpeitiko Argazki Elkarteko artxiboko 300 irudietako aukeraketa bat. 1925ean Beasaingo CAFen eraiki eta 1988an Urolako trena gelditu arte martxan ibili ziren egurrezko eserlekudun bagoietako batean sartuz gero, aldiz, ikus-entzunezko batekin gozatzen ahal da, eta herritarrak aditu treneko bizipenak kontatzen.

Lagun batek, adibidez, geltoki ondoan bizi zen Zestoako loroaren anekdota kontatzen du. Dirudienez, txoriak txistu egiten ikasi zuen... baita trena martxan jarrarazi ere! Nahiko eztabaida sortu zen hotel bateko terrazan egoten zen loro horrekin. Bideoan bidaiariak zein langileak agertzen dira eta beren oroimenak azalduz, Maitane Ostolaza Fundazioko zuzendariak adierazi bezala, trenaren historiari arima eman eta hezurra eta haragia jartzen diote.

«Horrek askoz ere biziagoa egiten du trenaren lehena, lehen hurbila», ez baita denbora anitz igaro katenariak isildu eta bailara honetako herritarrak zerbitzu hau gabe gelditu zirenetik. Atzoko bisitan frogatu genuenez, bizilagunek argazkian agertzen den jendea ezagutzen dute, batzuek beren burua ere bai gazteago, toalla hartuta Zumaiko hondartzara iristen, edo tailer mekanikoan.

Trenez, munduaren amaierara

Teresa Marot erakusketaren arduradunak erran zuenez, trenari eta hau erabili, bizi eta ixtear zirenean defendatu zuen jendeari egindako omenaldi honetan zerbait bizia, hurbila egiten saiatu dira, eta eguneroko momentu esanguratsuak islatzen, trenean ibili zirenek oroitu ditzaten eta gazteagoek ezagutu eta garraiobide honek Urolan izan zuen garrantziaz jabetu daitezen. Garrantzi hori sentimentala ere badela nabarmendu zuten erakusketaren sustatzaileek. Horren erakusgarri da bideoan Urretxuko txartel saltzaileak dioena: «Ni, trenean munduaren amaieraraino».

Museoaren ordutegi berean (asteartetik larunbatera 10.30etik 13.30era eta 16.00etatik 19.30era, eta jaiegunetan 10.30etik 14.00etara) bisitatzen ahal den erakusketa honetan irudi ikusgarriekin gozatu daiteke lehendabiziko itzulian; bigarrenean, letra handiak irakurri, eta astia izanez gero, hirugarrenean letra txikian barneratu. Ostolazak azaldu zuenez, hasi duten garai berrian asmo nagusietako bat «museoa inguruan hobeto txertatzea da, eta harremanak estutzea».

«Museoari leihoak eta ateak zabalduko dizkiogu, dauzkan aberastasunak eta ondareak ezagutu daitezen, edo, zergatik ez, gure ondareak beste leku batzuetan utz ditzagun, horietan ere ikus daitezen». Hori da, hain zuzen, irailera arte Azpeitian izanen den eta gero bailarako bertze herrietara eraman nahi duten erakusketa honen bertze helburu bat. Gizarteak museoaren bizitzan parte har dezan nahi dute. Horretarako, erakusketaz gain, bertze hainbat ekintza prestatzen ari dira (argazki lehiaketa, udako ikastaroa...), eta bilduma berrantolatzen.

Argi dute museoak «potentzial ikaragarria» duela eta hori orain arte lanean ibili den taldeari eskertzen diote. «Egitasmo berriek ez dute aurrekoa suntsitzen. Alderantziz: goraipatu egin nahi dute hemen dagoen bilduma», eta orain erakargarria bada, etorkizunean are erakargarriago bilakatu. Lehendabizi «bere inguru hurbilean ongi txertatu» nahi dute museoa, gero hegan hasi eta urrun iristeko.

Lurrunezko trena aurki mugituko dute

Lakuak Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazio bihurtu zuen, ordura arte museoko arduraduna izan zen Juanjo Olaizola kargutik kendu, eta zuzendari berria aukeratzeko lehiaketa publikoa antolatu. Maitane Ostolaza (Zumaia, 1963) historialari eta doktoreak irabazi zuen eta berarentzat izan da, beraz, lanpostua. Gatazka eta eztabaida piztu ziren gizartean eta komunikabideetan eta bete-betean harrapatu zuten presioek Ostolaza. Donostiako Lan Arloko Lehen Auzitegiko Maria Pilar Morata epaileak baliogabetu egin zuen berriki Juanjo Olaizola kaleratu izana, eta EuskoTrenen edo museoan lanpostua itzultzeko agindu zuen. Atzo bertan museoan ikusi genuen lanean. Ostolazak aitortu zuenez, «gauzak ez dira errazak, tentsioa oso gogorra izan delako». Baina iruditzen zaio giroa baretu egin dela edo baretzear dagoela, eta hori museoaren onerako izatea espero du.

Lurrunezko trena hemendik aste gutxira martxan jartzeko asmoa dute, makinista badaukate-eta (Olaizola). «Gauzak ondo egin nahi ditugu eta nahiz eta araudia ez den argia, ziurtasun neurri guztiak hartzen saiatuko gara». M. I.

AZKEN BIDAIA

1926an, Gipuzkoako Aldundiaren ekimenez jarri zuten martxan Urolako trena, eta kosta eta barnealdea (Zumaia eta Zumarraga) lotu zituen 1988an gelditu zen arte. Erakusketa honetan azkeneko egunak islatzen dituzte. Halere, oraindik bada esperantza berpizteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo