GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sakabanaketa behingoz amaitu behar dela dio Herrirak, istripuak amaitzeko

Sakabanaketak eragindako errepide istripuak salatuz Herrira mugimenduak protesta ekintza egin zuen atzo Iruñeko Trafiko Ordezkaritzako bulegoetan. Astebururo, ehunka senidek bisitak egiteko milaka kilometro egin beharra ez balute, istripuak gutxiago izango ziren.

p014_f01.jpg

Martxelo DIAZ |

Istripuak amaitzeko, sakabanaketa behingoz bertan behera utzi behar dela aldarrikatu zuen atzo Herrira mugimenduak, Iruñeko Trafiko Ordezkaritzan egin zuen protestan. Preso politikoen senideek duela bi asteburu izandako istripuen argazkiak erakutsi zituzten, «La dispersion mata Mariano, ponle freno» [Sakabanaketak hil egiten du, Mariano. Geldi ezazu] leloarekin, bide segurtasunaren alde egindako kanpaina batekoak balira bezala.

Horrez gain, bozgorailu baten laguntzaz, sakabanaketak dituen ondorioen berri eman zieten Trafikon tramiteak egiten ari ziren lagunei. Herrirako Sergio Labayen eledunak gogorarazi zuenez, 650 preso politikoen senideek astebururo 1.000 eta 2.000 kilometro arteko distantzia egin behar dute; hamasei lagun hil dira bidaia horietan izandako istripuen ondorioz; eta aurten dagoeneko izan dira zortzi ezbehar.

Duela bi asteburu Txetxu Barrios laguna bisitatzera zihoala Granadan istripua izan zuen Oihana Belokik ere gertatutakoa kontatu zuen. 4o minutuko bisitarako 1.600 kilometro egin behar izan zituela ohartarazi zuen.

Astebururo presoen senideek jasaten duten egonezina azaldu zuen Jose Miguel Olzak, askok eta askok bidaia luzeak egin behar dituztelako bidean, berdin du elurra edo eguzkia izan. Sakabanaketa politikarik ez balego, behar dituzten joan-etorriak amaituko liratekeenez, istripuen kopurua nabarmen murrizteko zela gaineratu zuten.

Bide batez, hilaren 19an Euskal Herriko plazetan Gobernu espainolak presoen kontra erabiltzen dituen neurrigabekeriak amai daitezela eskatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

Bestalde, Bilboko Alde Zaharreko auzokideek harrera egin zioten ostegunean aske geratu berri den Urtzi Gainzari. Harrera Zamudioko Atarian egin zioten, aurreskuarekin eta argazkia kentzearekin. Zazpi Katu gaztetxean egin zuten brindisa.

Presoen aldeko mobilizazioak izan ziren atzo Tafallan (78), Amurrion (46), Santutxun (200), Sabin Etxean (120), Gatikan (8), Etxarrin (68), Deban (45), Berriozarren (60), Lekeition (121), Amaran (33), Lezaman (34), Lizarran (59), Agurainen (47), Zegaman (18), Ondarroan (190), Lazkaon (63), Aulestin (67), Ugaon (39), Zarautzen (192), Mundakan (20), Beran (25), Hernanin (255), Oreretan (189), Bergaran (60), Oñatin (80), Arbizun (30), Donostian (230), Gasteizen (584), Zizurren (32), Zizurkilen (80).

iparragirre etxean

Ibon Iparragirre ondarroarra etxean da berriz, epilepsia krisia baten ondorioz maiatzaren 6az geroztik Basurtuko Ospitalean egon ostean. Hilaren 8an eman zioten alta, Etxeratek esan zuenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo