GARA > Idatzia > Kultura

Pailazo eta clownek Arrigorriaga irriaren eta umorearen hiriburu bihurtu dute asteburuan

Nazioarteko XVII. Clown eta Pailazo Jaialdia ospatzen ari da Arrigorriagako txoko ezberdinetan. Adin guztietarako hamabost ikuskizun eskainiko dira urtetik urtera «hobera» egin duen hitzordu honetan.

p054_f02_36x76.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Gaitz guztien aurkako sendagai onena izaten omen da barrea eta horretarako aukera paregabea eskaintzen du hamazazpigarren urtez Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazo Jaialdiak. «Hobera egin du urte batetik bestera», nabarmendu zuen Asier Albizuak, Arrigorriagako alkateak, eta aurrekontua murriztu egin bada ere -112.000 eurotik 72.000ra jaitsi da-, hiru eguneko egitaraua osatu dute. Magia, zirkua, antzerkia, musika... Diziplina ezberdinak uztartzen dituzten ikuskizunak izango dira, baina ezaugarri batean bat etorriko dira guztiak: umorea.

Brasil, Belgika, Australia, Argentina, Britainia Handia eta Estatu espainoletik iritsiko dira irriaren ordezkariak. Euskal Herrian sortutako bi lan ere bertan egongo dira, estreinaldiak izango dira gainera: Hortzmugaren «Libertia» eta Ganso & Ciaren «Erdipurdikoa». Lehenengoak, hiru txotxongilo izango ditu protagonista, Dori, Arthur eta Otto. «Erdipurdikoa», berriz, krisi garaian irauteko ariketa bat da, umorez azaltzen duten moduan, «talenturik, ideiarik eta baliabiderik gabekoa».

Bestalde, Arrigorriagan clown eta mimo ezagun bat izango da hiru egun hauetan. «Speaks with no words» titulua izango du Nola Raek eskainiko duen ikastaroak, eta euskaraz eta gaztelaniaz gain, jaialdian nagusi izango den hirugarren hizkuntza unibertsal hori jorratuko dute: clown hizkuntza. Artista profesional nahiz amateurrek parte hartu ahal izango dute ikastaro honetan. Australiar artista entzutetsu honen lanaz gozatzeko aukera ere izango du publikoak gaur iluntzean. 21.15etik aurrera, Lonbo aretoan, «Exit Napoleón» ikuskizuna eskainiko baitu -lau euro balioko ditu sarrerak-.

Nola Rae Sidneyn jaio zen 1950ean baina 1963an Londresera joan zen bizitzera. Royal Ballet School-etik pasa ondoren, Parisen jarraitu zituen mimo ikasketak Marcel Marceau-rekin. Hainbat konpainiatako kide eta sortzaile izan da eta Londresko Nazioarteko Mimo Jaialdiaren bultzatzailea izan zen Joseph Seeligekin batera. 65 herrialde baino gehiagotan ikusi dira dantza, titereak, clowna eta eromena tartekatzen dituzten bere lanak. 1990ean, ordea, guztiz aldatu zuen estiloa eta mimoa nagusi den drama komiko luzeagoak aurkezteari ekin zion.

Telebista programatan agertzeaz gain, bi dokumentaletan protagonista izan da, eta International Clown Hall ospearen pasealeku estatubatuarrean ageri da bere izena.

Egitaraua

GAUR, larunbata.

- P.T.V. Clown. »Enamorarse». 12.00. Kiroldegia.

- Hortzmuga. «Libertia».

13.30. Udaletxe plaza.

- Compañía Cronopia Contorsiones. «Maromas».

18.00 + 18.45. Udaletxe plaza.

- Niño Costrini. «Humanus Cómicus».

19.00. Udaletxe plaza.

- Elegants. «Cabaret Elegance».

20.00. Joan XXIII.aren Plaza.

- Nola Rae. «Exit Napoleon».

21.15. Lonbo aretoa. (4 euro).

BIHAR, igandea.

- Ganso & Cía. «Erdipurdikoa».

11.30. Kiroldegia.

- La Guasa. «Ni contigo ni sin ti».

12.30. Udaletxe plaza.

- Bowjangles. «Hari laukotea».

13.30. Udaletxe plaza.

- Lusco e Fusco. «Encontros».

17.30. Joan XXIII.aren plaza.

- Compañía Cronopia Contorsiones. «Maromas».

18.30. Udaletxe plaza.

- Bowjangles. «Cuarteto de cuerda».

19.15. Udaletxe plaza.

- Marcel Gros. «La gran A... ventura».

20.30. Kiroldegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo