GARA > Idatzia > Kultura

GAZTE LITERATURA

Hil ondoren kontalari

p054_f02_36x76.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Ez da ohikoa gure artean idazleak hitzaurre bat idaztea bere obraren hasieran, are gutxiago hitzaurre horretan bere obrarekiko harridura adieraztea, baina horixe da Teresa Calok liburu honen lehen lerroetan egiten duena: «Ni neu harritu nintzen, beste inor baino lehen, neure burua nerabeentzako istorio bat idazten ikusi nuenean». Caloren ibilbidea jarraitu duenak badaki batez ere helduentzako antzerkiarekin eta telebistaren inguruko sailekin erlazionaturiko lanak idatzi dituela. «Marta ispiluaren aurrean», aldiz, gazteei zuzendutako haren lehen liburua dugu.

Obra hau, nire ustez, paraliteraturan koka genezake. Anorexiaren gaia tratatzen duen idazlana dugu, Martak, hil ondotik, linbo antzeko toki batetik, egoera horretara nola iritsi den kontatuko digu, zer pentsatzen duen, zer sentitzen, zer egingo zukeen... eta Marta berri horren alter ego moduan «Eskeletoa» dugu, Marta gaixoa, Martak gaixorik zegoenean pentsatzen, uste eta jokatzen zuen moduan jokatzen duen pertsonaia, eta oraingo Martari aurre egiten diona beste garai batean neskak guraso edo amonari egin zien bezala. Obran agertzen den hirugarren pertsonaia «Pisua» dugu; egunero Martari zuen pisuaren berri ematen ziona, zenbat argaltzen zuen ospatzen zuena.

Teresa Calok, istorio hau kontatzeko, fikzio hau aurkezteko, antzerkiaren mundura jo du, eta antzezlan, bakarrizketa bat (nahiz eta tarte batzuetan Eskeletoa eta Pisua ere ageri), darabil Martak bere istorioa kontatzeko. Eta, gaiak izan dezakeen interes eta gaurkotasunaz aparte, hauxe da liburu honek duen balioetako bat. Nola aurkezten zaigun istorioa, agertoki batean neska gazte batek publikoari zuzenduz osaturiko istorioa. Alegia, kontatzen duena interesgarria eta oso gai serioa izanda ere (gazteei irakasteko eginiko kontakizuna ere izan zitekeena, edo gutxienez irakasten duen literatura hori), liburu honetan bitxia eta berria dugu Martaren istorioa kontatzeko modua. Calok nola sartzen gaituen istorio bizi eta hunkigarri horretan errekurtso, kontalari gutxi batzuk erabiliz baina, hala ere, ikuspuntu ezberdinak eskainiz.

Martak Interneten aurki dezakeen laguntzaz hitz egiten digu, anorexikoen arteko komunikazio eta animoaz, baita lagun bulimikoei buruz ere, zer egiten zuten... eta egunero amarekin, aitarekin, amonarekin izaniko eztabaidak, hauen jokabidea arazoaren aurrean, eta abar. Baina egoera eta hausnarketa pertsonal horien ondoan bada gizarteari eginiko kritika ere: «Bikini operazioa.(...) Gure etxea aldizkariz bete zen, eta guztiek kontu bertsuak zekartzaten, jira eta buelta: kaloria gutxiko dietak, ariketak egiteko taulak, edertasunari buruzko gomendioak... `Gizendu gabe, jan'. `Gal itzazu hiru kilo astebetean', `Manten ezazu tripa zapal', `Libra zaitez betiko laranja-azal zimur antiestetikoaz'». Izan ere, gure gizarteak duen edertasun ereduak badu zerikusia liburu honetako gaiarekin.

«Marta ispiluaren aurrean» nobela interesgarria da, anorexiaren gaia nahiko modu sinplean baina serioan planteatzen duen obra honek, gainera, bakarrizketaren teknika hurbiltzen du gazte literaturara. Istorioak kontatzeko modu berri, arin eta interesgarria eskainiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo