Top 14 | Azken jardunaldia
Avironek puntu bat behar du denboraldia inongo kezkarik gabe amaitu ahal izateko
J.L.
Denboraldia joan den bezala joanda, batek baino gehiagok sinatuko zuen azkeneko jardunaldira Biarritz eta Aviron heldu diren bezala heltzea. Zuri-gorriek ez dute inongo kezkarik, eta jadanik datorren ostiralean jokatuko duten European Challengeko finalarekin pentsatzen ari dira. Zuri-urdinek, aldiz, puntu bat behar dute matematikoki salbatzeko, baina bat bera lortu gabe ere Top 14an jarraitzeko aukera izango lukete, Brivek egiten duenaren arabera.
Avironek irteera zaila dauka Castresen zelaira. Ligako final-laurdenetan sartuta dagoen taldea baita. Hirugarren postua lortzeko aukera dauka, eta horretan saiatuko da. Beraz, aurkari oso txarra izango da Baionako taldearentzat.
Avironek puntu batekin dena konponduta izango luke. Galtzen badu ere, miraria beharko luke mailaz jaisteko. Une honetan Briveri bost puntu kentzen dizkio, eta frantziarrek Clermot handiaren zelaian jokatzen dute. Irabazteaz gain, puntu gehigarria ere lortu beharko luke, eta horrek oso zaila dirudi, nahiz eta honelako partidetan edozer gertatzen den.
Birritzek, berriz, dena egina dauka, eta gaur Agileran Stade Français taldearen aurka jokatuko duen partidak ez dauka inongo garrantzirik, bietako inork ez baitu ezer jokoan. Laguisquetek gutxien jokatu duten jokalariei aukera emango die, eta izar handienak gorde egingo ditu, ez baitu datorren ostiraleko finalerako inork minik hartzea nahi. Jardunaldiko norgehiagoka guztiak 16.15etik aurrera jokatuko dituzte.