GARA > Idatzia > Ekonomia

Laneko sexu jazarpenaren aurkako legediarik ez da Estatu frantsesean

Konstituzio Kontseiluak laneko sexu jazarpenaren aurkako legedia indargabetu zuen maiatzaren 4an, delitu izaera ematen zion Zigor Kodeko artikulua ezabatuta. Lege hutsunea sortu denez, jazarpena jasan dutenek ezin dute salaketarik jarri, eta abian zirenak eten egin dira.

p032_f01.jpg

Idoia ERASO |

Estatu frantseseko Konstituzio Kontseiluak maiatzaren 4an baliogabetu zuen sexu jazarpena zigortzea ahalbidetzen duen 1.222.33 artikulua. Hori egiteko argudiatu zuten ez zuela behar besteko zehaztasunez mugatzen delitua. Honela definitzen zuen delitua: «Beste norbaiti jazartzea, sexu mailako mesedeak lortzeko helburuarekin».

«Konstituzio Kontseiluak sexu jazarpenari buruzko lege testua osorik kentzea deliberatu du, berria idatzi gabe. Ondorioz, huts juridiko azkar bat sortu da, eta kaltetuak berriz ere emakumeak dira», azaldu zuen LAB sindikatuko Amaia Fontangek.

Gerard Ducray diputatu ohiak eskatu zuen Konstituzio Kontseiluak legedia indargabetu zezala, zehaztasun aski ez zuelako. Villafranche-sur-Saôneko zinegotzia ere bazen Ducray, eta Herriko Etxeko hiru langileren aurkako sexu jazarpenagatik kondenatu zuten. Horren ondorioz egin zuen artikulua deuseztatzeko eskaera.

Elkarte feministek eta bereziki Emakumeenganako Bortizkeria Sexistaren aurkako Europako Elkarteak ere lege argiago bat eskatua zuten, testuaren zehaztasun ezagatik. Baina berria egin bitartean zegoenari eustea ere eskatu zuen elkarte feministak. Erabaki honek sortzen duen hutsunea ikusita, Europako Elkarteak Frantziako Asanblea Nazionalari eskatu dio auzi hau premia handiz konpontzeaz arduratzeko -ekainean izango dira legebiltzarrerako hauteskundeak, eta horren ondoren eratuko da Asanblea-.

Estatuko presidentetzarako hauteskundeetan irabazle atera den François Hollandek kanpainan agindu zuen Parlamentuan aurkeztuko zuela lege proposamen bat.

Jazarrien aukerak

Egoera honek jazarpena pairatzen duten emakumeak babesik gabe uzten ditu, Zigor Kodean adierazitako deliturik ezean, ezin salaketarik jarri. Estatu frantsesean urtean 80 bat kondena eta 500 bat salaketa izaten dira. Lantokian gertatzen diren jazarpenen %25ek zerikusia dute sexuarekin. «Egungo legedia kontuan hartuta, egoera horretan dauden emakumeen aukera bakarra lan epaitegira joatea da. Lan arloko desadostasun bat bezala geldituko da, baina ez da delitutzat hartuko», azaldu zuen sindikatu abertzaleko kideak.

Salaketa jada jarria duten emakumeen artean bi egoera gerta litezke. Batzuetan delitua preskribatuko da, eta besteetan, berriro abian jarri beharko dute dena. Amaia Fontangek honela azaldu zuen egoera honen bidegabekeria: «Denuntzia aurkezteko kuraia izan duten emazte anitzek, kasurik onenean, lege berri bat onartua izaten bada, prozedura guztia berriz egin beharko dute. Beste anitzentzat, aferaren preskripzioa helduko da, eta auzitara jotzeko esperantzarik gabe geldituko dira».

Joan den astean indargabetu zuten sexu jazarpenaren artikulua 1992. urtean sartu zuten Estatu frantseseko Zigor Kodean, eta 2002an berritua izan zen.

Sindikatu eta elkarteek egoera salatu dute

Sexu jazarpenaren aurka egitea eragotziko duen hutsune juridikoaren aurrean hainbat sindikatuk egoera salatu dute, baina erantzuna ez da zabala izan.

LAB sindikatuak «Konstituzio Kontseiluaren erabakia azkarki salatzen du. Gure sindikatua emazteen kontrako bortizkeriaren eta diskriminazioaren aurka borrokatzen da». CFDTk hutsune juridikoa lehenbailehen betetzeko eskatu du. «Legegileak ahalik eta lasterren landu behar du delituaren definizio bat, aski zehatza, ahalik eta errepresio handiena bideratu ahal izateko, benetako prebentzio lana egiteko eta biktimak laguntzeko».

Elkarte feministek bat egin dute salaketarekin. Ipar Euskal Herriko Bortizkeria Sexistaren aurkako kolektiboko Anuntxi Aranak «atzerapausotzat» jo zuen. «Jazarpen sexualak zigorgabetasunean gelditzen dira. Kontseiluaren erabakia arbuiatzen dugu eta lege integral bat eskatzen dugu bortizkeria sexisten kontra».

Planning Familiallek nabarmendu du: «Konstituzio Kontseiluak Lapurdi mailan egiten ari garen lana suntsitu du, lehen aldiz historian emakumeen eskubide bat ezabatu du, eta sexu jazarpenaren aldeko zigorgabetasuna ahalbidetu». I. E.

Biktimak

«Denuntzia aurkeztua duten emakumeen artean, kasu onenean, lege berri bat onartzen bada, prozedura guztia berriz egin beharko dute, besteetan, auziaren preskripzioa helduko da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo