GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendi lasterketak Hitzordu ofizialak

Euskadiko Txapelketan ez zen ezustekorik izan

Hilaren 6an jokatu zen Euskal Mendizale Federazioak antolatutako proba nagusia. Karraka-Orozko mendi lasterketan, nagusiak zein beteranoak lehiatzeaz gain, gazte mailakoek ere lekua izan zuten. Nagusietan, Oihana Azkorbebeitiak eta Walter Becerrak irabazi zuten. Beteranoetan, berriz, Yolanda Gurendez eta Jesus Mari Perurena nagusitu ziren. Leire Fernandez eta Gaizka Fuentes izan ziren indartsuenak kadeteetan; Iñigo Unanue, juniorretan; eta Mikel Tena, promesetan.

p048_f01_250x176.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Aitortu beharra dago maiatzaren 6an gertaturikoa ez dela batere ohikoa izan. Zaila da ulertzea, baina egun horretan bi hitzordu nagusi zeuden deituta: Euskadiko zein Espainiako mendi-lasterketa txapelketak.

Jakina, EMF eta FEDMEren arteko data talka horrek bere eragin zuzena izan zuen batez ere Euskadiko Txapelketan. Izan ere, hemengo lasterkari indartsuenek lasterketa batera edo bestera joatea erabaki beharra izan zuten. Erabaki horiek, adibidez, Euskadiko Txapelketa hankamotz utzi zuten, besteak beste, euskal izarretariko batzuk FEDMEren lehia nagusira joan zirelako. Adibide gisa, euskal selekzioko edo EMFren taldeko hainbat kideren izenak ditugu: Oihana Kortazar, Imanol Goñi, Nerea Amilibia...

Bada, egoera berezi edo ezohiko hori kontuan hartuta, EMF-ren Txapelketa jokatu egin zen. Lehia ofizial nagusi horretarako euskal federazioak Karraka-Orozko mendi lasterketa hautatu zuen.

Inolako zalantzarik gabe, Itxinape mendi taldeko lagunek lan eskerga eta dotorea egin zuten, eta lasai asko baiezta daiteke Euskadiko Txapelketaren emaitza biribila izan zela. Txapel asko izan ziren jokoan; izan ere, nagusiekin eta beteranoekin batera, gazte mailakoak lehiatu ziren. Lehendabiziko bi kategorientzat 1.900 metroko goranzko desnibela zuen 27 kilometroko ibilbidea prestatu zuten; gazteentzat, berriz, 900 metroko goranzko desnibela zuen 17 kilometroko ibilbidea.

Antolatzaileak nolabait beldur ziren aurreko egunetan botatako euri eta ekaitzek ez ote zuten ibilbidea oso egoera txarrean utziko, baina egunak joan ahala, beldur horiek uxatzen joan ziren eguraldi egonkorrak lagundu zuelako. Horren ondorioz, ibilbidea, oro har, oso egoera onean zegoen; jakina, tarte batzuetan lokatza izan zuten.

Ibilbidea aipatu dugunez, aipatu behar dugu, beste urte batzuekin alderatuta, aurtengoak hainbat aldaketa izan dituela. Lasterkariak, bederen, pozik zeuden: «Korrika gehiago egiteko aukera eman digute. Eta, ezbairik gabe, azpimarratu behar dugu ibilbide ederra antolatu zutela».

Ederra, jakina, Gorbeiako Natur Parkean eta Itxinako ingurumarian korrika egin zutelako. Xenda erakargarrietan barrena korrika egiteaz gain, lehiakideek hainbat mendi igo behar izan zituzten: Kolometa, Belangobuelta, Ipergorta...

Ezustekorik ez

Aipatu dugun bezala, Karraka-Orozkoko VII. Mendi Lasterketaren emaitza biribila izan zen. Guztira, 180 lasterkarik hartu zuten parte hainbat mailatan banatuta.

Kirol ikuspuntutik aztertuta, hots, sailkapenak ikusita, ez zen ezustekorik izan. Aipatu dugun legez, hainbat euskal lasterkari indartsu ez ziren irteera puntuan izan, FEDMEk deitutako hitzordu nagusian hartu zutelako parte.

Nagusien mailari dagokionez, nesketan, Oihana Azkorbebeitiak ez zuen arazorik izan lasterketa irabazteko. Korrikalari hau azkarrena izan zen helmugara iristen eta Euskadiko Txapelketa erdietsi zuen. Zoritxarrez, guztira, soilik 8 emakumezko lehiatu ziren. 27 kilometroko ibilbidea egiteko, Azkorbebeitiak 2 ordu eta 49 minutu behar izan zituen. Zazpi minutura, bigarren sailkatua iritsi zen: Montserrat Vazquez. Eta hirugarren Silvia Trigueros sailkatu zen, 3 ordu eta 5 minutuko denbora eginda.

Mutiletan ere antzeko egoera izan zen; izan ere, Walter Becerra erraz gailendu zen. 2 ordu eta 18 minutuko denbora egin zuen, eta haren atzetik taldekide duen Jesus Martin geratu zen; hain zuzen ere, ia 3 minutura. Podiumaren hirugarren tokia Josu Bengoetxearentzat izan zen 2 ordu eta 25 minutuko denborarekin.

Beteranoetan, bestalde, Yolanda Gurendezek eta Jesus Mari Perurenak irabazi zuten.

Gazte mailakoek ibilbide motzagoa egin zuten, 17 kilometrokoa. Txapelak, kadeteetan, Leire Fernandezek eta Gaizka Fuentesek jantzi zituzten.

Bai juniorretan bai promesetan ez zen nesken ordezkaririk izan. Mutiletan, beraz, Iñigo Unanuek irabazi zuen juniorretan, eta Mikel Tenak, promesak mailan.

txapelketa

Karraka-Orozko mendi lasterketak Euskadiko Mendi Lasterketen Txapelketa jaso zuen. 180 lasterkarik hartu zuten parte

Euskal selekzioko ordezkariak bikain Espainiako Txapelketan

Aurreko kronikan esan dugun bezala, egun berean FEDMEk antolatutako Espainiako Txapelketa jokatu zen. Eta, espero zenez, hainbat euskal lasterkarik azken lehia nagusi hori hautatu zuten. Den-denak, gainera, EMFk sortutako euskal selekzioko korrikalariak. Eta inolako zalantzarik gabe, horiek guztiek egin zuten lana bikaina izan zen, besteak beste, bi garaipen eta hiru bigarren postu erdietsi zituztelako.

Galizian jokatu zen Espainiako Txapelketa: Canon do Sil (Ourense). 273 lasterkari izan ziren irteera puntuan, eta, Orozkokoan ez bezala, ibilbideak baldintzatu zuen lehia. Lokatz asko zegoen, eta tenperatura 7 gradukoa izan zen.

Nagusien mailan, nesketan, lasterketak euskal protagonista bat izan zuen: Oihana Kortazar. Elgetarrak beste behin erakutsi du ingurumari honetan ez duela ia lehiakiderik. «Lurraz haraindiko» iazko denboraldiari eusten ari zaio aurten, eta, aipatu beharra dago, korritu dituen proba guztiak irabazi dituela. Horrela bada, Ourenseko lehian faboritoa zen, eta, jakina, ez zuen huts egin. Lasterketa osoa aurrean egin zuen, eta helmuga puntuan lehena izan zen, 3 ordu eta 40 minutuko denborarekin. Haatik, Kortazarrek aitortu du asko sufritu zuela: «Ibilbidea erabat lokaztua zegoen eta inoiz ez bezala sufritu dut». Aitziber Ibarbia zortzigarren postuan sailkatu zen.

Mutiletan, berriz, Ivan Ortizek irabazi zuen, eta bi euskal lasterkari lehen hamarren artean sailkatu ziren: Imanol Goñi, zazpigarren postuan eta Jabi Olabarria, bederatzigarrenean.

Bigarren euskal garaipena Nerea Amilibiaren eskutik iritsi zen. Aiarra beteranoetan nagusitu zen. Elena Calvillo, berriz, bigarrena izan zen.

Eta emaitzok biribiltzeko, euskal selekzioak, talde bezala, beste bi zilar sinatu zituen; bai nesken mailan baita mutilen mailan ere. Andoni ARABAOLAZA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo