GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Lohitzune Txarola Gurrutxaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria

Europar Batasuna: Schumanen ametsa, gure aukera?

Gaur dugun Europar Batasuna munduko tresna politiko handi, oso eta erabilgarriena da. Edozein erremintak bezala, eskuak eta buruak behar ditu erabilia izateko

Frantziar hauteskundeek Europar Batasunean izan duten oihartzuna ez da ohikoa. Ez denez ohikoa ezta ere EBko kide baten presidentetzak hainbesteko aldaketarako itxaropena piztea. Europarrok ari gara aintzat hartzen zein puntutaraino gauden konektatuak elkarren artean. Gure egunerokotasunean antzeman dugu nola estatu baten galerak Europar ekonomia guztia kolokan jartzen duen, eta 62 urtetan zehar aberrien integrazioan egindako lana zalantzan jartzen. Ekonomia, merkatuak, murrizketak, salerosketak, mugen kontrola... Horiek dira gaur EBtik datozkigun hitzak. Hitz ubelak, krisiz bustiak, ezkortasunez blai. Ez naiz ni izango EBren krisiarekiko kudeaketari loreak botako dizkiona, baina ez dezagun ahatz «Europa» horren atzean jendea dagoela. Herritarrek hautatutako jendea hain zuzen. Eta kudeatzaile horiek dira erabakiak, onak edo ez hain onak, hartzen dituztenak.

Udal batek, parlamentu batek edo estatu batek araudi «lotsagarriren» bat onartzen duenean, inori ez zaio burutik pasatu ere egiten erakundea zalantzan jartzea. Mallorcako gobernuburuak auzipetzen dituztenean ustelkeria leporatuta, ez da erakundea auzitan jartzen; presidente ohia da erruduna, ez instituzioa. Aldiz, EBk erabaki erratu bat hartzen baldin badu, azkar batean europar erakundeak jartzen ditugu jo puntuan.

Galdetu al dio norbaitek bere buruari zer litzatekeen europar ingurugiroa EBrik gabe? Ba al dakigu EB garapenerako laguntzetan emailerik handiena dela, bigarren direnen, hots, AEBen, laguntza bikoiztuz? Ohartu al gara EBri esker, Erasmus programaren bidez, bi milioi ikaslek baino gehiagok beste herrietako unibertsitateetan ikasteko aukera izan dutela? Norbaitek irudika dezake zer nolako mugarik gabeko inperio ekonomikoa liratekeen Txina edo AEBak, EBren kontrapisurik gabe? Zein egoeratan egongo litzatekeen Europako hegoaldea, eta orain ekialdea ere, egiturazko eta kohesiorako funtsik gabe? Inork imajinatu al du zelako ahulezia izango luketen gobernuek krisialdi ekonomiko honen aurrean pezeta, franko edo markoarekin? Zein litzatekeen gure nekazarien eta abeltzainen egoera Nekazaritza Politika Bateraturik gabe? Gogoratzen al dugu Irundik Hendaiara pasatzeko egin behar ziren bisak, ilarak, pasaporteak?

Orain 62 urte, 1950eko maiatzaren 9an, II. Mundu Guda bukatu eta bost urtera, hain zuzen, Frantziako kanpo harremanetarako ministro Robert Schumanek lehen urratsa egin zuen egun EB den proiektu sendoa eraikitzeko. Deusetik, eta beste etorkizun hobe eta batu bat posible zelakoan tematu zen, egun hartako diskurtso famatuan, bakea, eta Europako herrien arteko harremanak sendotzeko EBren beharra aldarrikatuz. Eta harro diot gaur dela amets hori egia bihurtu izana ospatzeko garaia.

EB krisiari aurre egiteko erakusten ari den elkartasun, irudimen, ausardia, batasun eta ikuspegi faltak eragin du zenbaitzuek Europa banaketaren ikur gisa hartzea. Baina, berriro ere, Frantziatik dator aire berria. Hollande jaunaren hautatzea EBren erronkei aurre egiteko beharrezkoa dugun aldaketaren motorra izan daiteke. Espainiar Estatuaren adibidea jarraituz gero, pobrezia, beldurra eta haserrea hazten jarraitu dezakegu, xenofobia eta arrazakeria bultzatuz, edo gizarteko sektore ezberdinen arteko bereizketa nabarmenduz, horrela Schumanen proiektua, eta hortik garatu ditugun ongizate maila guztiak putzu batean utziz.

Iruditzen zait egungo gizarteak ez duela EBk eskaintzen dizkigun ongizate maila aintzat hartzen. Galdetu bada aurreko belaunaldiei nolakoa zen beren Europa, eta ziur naiz erantzunak zer pentsa emango digula. Gaur dugun Europar Batasuna munduan dagoen tresna politiko handi, oso eta erabilgarriena da. Edozein erremintak bezala, baina, eskuak eta buruak behar ditu erabilia izateko. Erabilpen horri nahi beste kritika egin ahal zaizkio, baina ez gailuari berari.

Alderdi kontserbadore eta atzerakoiak dira egun Europar Parlamentuko gehiengoa osatzen dutenak, eta Estatuburuen Kontseiluan joera bera dago. Orain, frantziarrek Europar Batasunari beste aire bat ematea ere erabaki dute, eta haize berri horren ufada profitatu behar dugu. Izan ere, badirudi haizea popa politikoan ari zaigula sartzen, eta orain da momentua denak prest eta indarrez egon gaitezen. Denak diodanean gu bezalako nazio edo herriei buruz ari naiz. Estatuek ikusi dute haize berrira ezin egokitu daitezkeela, akaso handiegiak direlako. Nazio txikiok, berriz, errazago dugu korronte onak harrapatzea. Eta korronte hau, aldaketa hau, gurea bezalako herriek gauzatuko dute; izan ere, Schumanek zioen bezala, «Herrien Europa sortu behar dugu, eta ez Estatuen Europa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo