GARA > Idatzia > Euskal Herria

Osasungintzan euskarazko harremanak bultzatzeko kanpaina abian, Donostian

Bagera elkarteak eta OEEk antolatutako ekimena gauzatuko dute Donostiako osasun-etxeetan ostegunean, egun osoan. Osasungintza arloko harremanak euskaraz izan nahi dituen oro hori zehaztera deitu dute.

p017_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Egunerokoan, arlo guztietan, euskaraz bizi nahi duenak arazoak izan ohi ditu osasungintzan bere hizkuntzan jardun nahi duenean. Familiako medikuarekin kontsulta izan zein ebakuntza baten aurretik bisitatu beharreko hamaika medikuekin izan, oro har, Osakidetzan zaila da arreta osoa euskara hutsean jasotzea. Zaila da, gaixo bati sendagilea egotzi aurretik, ez baitzaio zein hizkuntzatan artatua izan nahi duen galdetzen.

Gaixoak urte osoan dauka aldaketa eskatzeko aukera. Idatziz egin behar du, bere osasun-etxeko leihatilan. Eskaerek batzuetan baiezkoa jasotzen dute eta, beste batzuetan, berriz, ezezkoa. Deialdia, beraz, urteko 365 egunetan irekita egon arren, taldean egiten den indarra eraginkorragoa delako edo oihartzun handiagoa izaten duelako, datorren ostegunean Donostiako anbulatorio guztietan horretarako kanpaina egingo dute Bagerak eta OEE Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeak.

«Taberna edo denda batean gazteleraz aritzen bazaizkio bezeroari, honek ikusiko du zer egin... beste batera joan daiteke. Baina medikuarekin, osasunaz ari garenean...», azaldu du Dani Goñi Bagerako kideak. Bere ustez, harreman hau konfiantzan oinarritutakoa da eta, hortaz, bakoitzak bere-berea duen hizkuntza horretan aritzeak garrantzia handia dauka.

Gauza bera pentsatzen du OEEko Jabier Agirrek. «Gaixo batzuek azalpenak hobeto emango dituzte gazteleraz eta, beraz, era berean, beste batzuek euskara behar dute horreterako. Eta eskubide hori, azken hauei, ezin zaie ukatu, ezta joera aldatu dezatela eskatu ere. Ez dit balio esateak medikuak ez dakiela euskaraz eta gaixoak badakiela gazteleraz», dio.

Eskaera egiteko aukera hau aprobetxatu nahi duen donostiar orok beraz, zita dauka etzi bere anbulatorioan. 10.00etatik 12.00etara eta 17.00etatik 19.00etara, Alde Zaharra, Altza, Amara Berri, Benta Berri, Bidebieta, Egia, Gros, Intxaurrondo eta Loiola-Txomin-Martutene auzoetako eta Prim kaleko anbulatorioetan OEE eta Bagerako kide bana egongo dira, argibideak emateko prest.

Egun horretan bertan eskaera egiten dutenen datuak jasoko dituzte kanpainaren bultzatzaileek, asmoa jarraipena egitea baita. Hala, bakoitzak zein erantzun jaso duen kontrolatu ahal izango dute, eta hortik pauso bat edo beste eman.

Horregatik, egun horretatik kanpo familiako mediku edota pediatrarekin euskaraz aritu nahi dutela eskatzen dutenei Bagera elkartearekin zein OEErekin harremanetan jartzeko eskatzen diete, dituzten datuak ahalik eta fidagarrienak izan daitezen.

Osasun langileen erronkak, OEEren 22. biltzarrean

Dena prest du Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeak hilaren 18 eta 19an Bilbon egingo duen 22. biltzarrerako. Bizkaiko Sendagileen Elkartearekin batera antolatutako edizioan, osasun langileen erronka berrien inguruan mintzatuko dira, eta erronka mota bakoitzeko mahai-inguru bat antolatu dute: bizitzaren medikalizazioa, osasun-langileak gaixotzen direnean eta osasun-langileak eta teknologia berriak.

Osasun sistemara aldaketak datozela iragarri du OEEk, eta horietako batzuek diru murrizketekin zerikusia dutela adierazi dute, esaterako, lan-baldintzetan, non medikalizazioa, lan-arazoak eta teknologien berrien erabilpenak krisiak baldintzatuta egongo diren. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo