GARA > Idatzia > Kultura

«Xora»: auzolanean, Etxahunen mintzairan film bat egiteko xoraldia

«Zer, filma bat? Nola, eüskaraz, xiberotarrez? Bai phüru! Non? Xiberoan! Bai prefosta! Norekin? Xiberotarrekin! Nontik? Hebentik!». Hala laburbiltzen du Mixel Etxekopar Hebentik Mauleko kultur elkarteko arduradunak «Xora»ren helburua. Peio Cachenauten pelikula gaur estreinatuko dute Donostiako Victoria Eugenian, eta ostiralean, zinema-aretoetan.

p046_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Zük, Peio [Cachenaut], beste filmik egin düzua? -ezetz! Eta aktoreak ari izanak dira zineman jada? -ezetz! Eta taldekoek lüzemetrairik egin düea jada? -ezetz! Eta... Eta...». Durangoko Baleuko ekoiztetxeko bulegoetan izandako elkarrizketa honek ongi adierazten du «Xora» nola egina dagoen. Dominika Rekalt Titika aktoreak erran bezala, bihotzetik sentitzen diren gauzak egin egiten dira, adituak izan ez arren, eta hori da gaur, 20.00etan Donostiako Victoria Eugenia antzokian, estreinatuko duten zubererazko lehenbiziko filmaren kasua.

«Mundu batean bizi gara, non harresiak badiren eta bakoitza zerbaitetan aditua den. Hori eskatzen zaio egitea; besterik ez. Aldiz, lan honetan, gogoa genuen, baina ez genekien egiten. Eta, hala eta guztiz ere, egin egin dugu». Titikaren hitzetan, horrek erakusten du jendeak nahi badu, ez duela baimenik behar eta Euskal Herrian badaudela oraindik dinamikak eta zirrikituak, badela oraindik ausardia erabakitzeko: «Nola erraten digute egiteko? Ba ez, guk bertze era honetara nahi dugu».

Transmisioari buruz

Rekalt bera eta Jef Goyhenexpe dira istorioko protagonistak. Goienexpek izenik ez duen eta X deitzen dioten mutil gazte bati ematen dio bizia, eta Rekaltek haren osabari, AEBetan emandako urteengatik jende guztiak Hollywood erraten dion arrakastarik gabeko idazleari. X ederra da eta halakoxea du neska-laguna ere; badu etxea, badu lana (nahiko ona gainera, informatikaria da), badu autoa... Baina egunerokotasun horrek asperturik idazteari lotzen zaio suharki, jendearengandik aparte, etxola batean bizi den Hollywood eredu hartuta.

Biek elkar miresten dutela dirudi; gaztea ikasten doa nola har dezakeen elikagaia osabarengandik, baina bereak diren osagaiak ere baditu, horiek ere sartu nahi ditu. Eta gibelean, presentzia bat agertzen zaio, presentzia astun bat, ikusten ez dena eta zer den argitzen ez dena. Hori ikusleak deskubritu beharko du, eta pentsatu berarentzat zer izaten ahal den pelikula osoan ilobaren atzetik dabilen itzala.

Maisu-ikasle harreman horrekin, transmisioaren inguruan hausnartzen da filmean. Peio Cachenautek bere buruari galdetzen dio transmisioa nola erabili. Adibidez, zinemaren ehun urte baino gehiagoko historiak zinemazaleak elikatzen ditu, baina era berean, gauza berriak nola sortu pentsatzen dute, ezin baita herentziarekin soilik bizi. «Nola birsortu edo sortu herentzia horretatik edan diren gauzak?», jakin nahi du zuzendari eta gidoilariak. Gidoian transmisioa agertzen da beti, literaturaren ingurukoa hain zuzen. Baina, argitu zuenez, izan zitekeen bi nekazariren artekoa, edo bi musikariren artekoa. Lekuko hori nola pasatu baina nola berritu, eraberritu; hori da pelikulak pausatzen edo ekartzen duen galdera.

Bi aktore nagusiek lekukoaren pasatze hori erakusten dute, harreman desberdina baitute euskararekin: Titika euskaldun zaharra da; Goyhenexpe, aldiz, berria, eta orain irakaslea. Hartutako lekukoa eman egiten du.

Auzolan proiektu handi bat

Hebentik Mauleko kultur elkartearen hausnarketa baten emaitza da filma, «berriztatzearen beharrean eta produktu kultural berrien eske dagoen gizarte bati erantzuna eman nahi horretan» sortua. «Zuberoak lan horretan darrai, euskal kulturaren eta hizkuntzaren suspertze eta gordetze lanetan. Eta testuinguru honetan kokatzen da film luze hau zuberotarrez ekoizteko asmoa. Etorkizunari begira lana eta konpromisoa eskatzen duen erronka handi bat», nabarmendu zuten.

Egitasmo hau «berdingabe eta esklusibo» egiten duten bertze bi faktore aipatu zituzten atzoko aurkezpenean: ekoizpen sistema eta modua da bat (talde konpromisoa, eskuzabaltasuna, auzolana) eta filmaren «birtualtasuna eta originaltasuna» bertzea. «Utopia eta errealitatea elkartzen ditu. Errealismoa eta ilusioa. Baina, batez ere, amets bat posible egiteko asmoa. Milurteko hizkuntza bat berreskuratzeko ametsa», azpimarratu zuten Baleuko eta Kaplan etxeetako ordezkariek, Aldudarrak Bideorekin batera, filmari babesa eman dioten produktoreek.

«Zuberotar obra on bat da, munduari begira euskal kultura aitzinerat eramaten ahal duena», erantsi zuen Aldudarrak Bideoko Ximun Carrerek.

Cachenautek aitortu zuen «askatze bat» ere izan dela obra hau egitea, orain dela bost urte bururatutako ideiak eta sortutako ametsak pantailan ikusten dituelako orain. Xora xoratutik dator. Aditz honek bi zentzu izan ditzake eta, Titikak adierazi zuen bezala, bietatik zerbait behar dugu bizitzaz gozatzeko.

AMETS OZENA

Mixel Etxekoparrek hala definitzen du filma: «Oro izar, batak argi besteak beltz. Ikus ezina aipu, gizon beltzaren gisa. X heroiak ikusten ez duena bezala `Xora' abentura xora-zoragarri honetan gauza andana bat ezin ikus, baina ontsa sendi (...) Ez da hau funtsean bizitzea: lo isil batetarik amets ozen batera igaraitea?»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo