GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Zaballa-Langraizko egoera negargarria, agerian

Zaballako kartzelan preso dauden pertsonek egoera «negargarria» bizi dutela adierazi zuen atzo Salhaketa elkarteak, eta Langraizko kartzela zaharrean jarraitzen duten ehun lagunen egoeraren gainean antzeko balorazioa egin zuen. Horiek hala, hirugarren graduan dauden presoak biltzen dituen presondegi zaharkituari, «bolborategi» itxura hartu diote Salhaketako kideek. Atzoko agerraldian entzundako hitzak oso larriak dira eta bertan dauden ehunka presoen gainean arreta jartzera behartzen dute, hango egoerak ez baitauka zerikusirik kartzela berria eraiki zutenean agintariek saldu zuten bertsioarekin. Orduan aipatzen zutenez, Zaballako makrokartzela berriak Langraizkoak zituen gabeziei aurre egingo zien, instalazio berri eta «erosoekin». Presoenganako errespetu eza erakutsita, kartzela «ia-ia hotela» zela lotsagabe esan zuenik ere bada. Errealitateak, ordea, kartzelak beti kartzela direla agerian utzi du, eta, kasu honetan gainera, presoen baldintzetarako bereziki kaskarrak.

Urte luzez, Langraizko presondegia salaketa ugariren iturri izan da, hango presoek jasaten zuten egoera tamalgarriaren ondorioz. Urte horietan asko izan ziren zendutakoak, eta instituzioek emandako erantzuna ez zen hobea. Hori guztia ez omen da aldatu kartzela berriarekin, eta bi presondegi mantenduz lehen handia zen arazoa bikoiztea baino ez dute lortu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo