Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Oroimeneko portuak
Txikitatik maite izan dut San Juaneko plazan, edo Bonantza pasealekuan jarrita, merkanteak eta baporeak pasatzen begiratzea. Itsasoak lurraren barnera egiten duen kanal estu horretatik pasatzerakoan gertu-gertu ikusten dituzu. Kanporantz doazela, bokanatik kanpo, pentsatzen duzu nora ote doazen, zein urrutiko lurraldetara, zer nolako itsas bidaia izango dute itsasertzean galtzen direlarik. Eta sartzen direlarik, nongo notiziak ekarriko ote dituzte? Ternuatik garai batean etortzen ziren bouak, hilabeteak munduaren bestaldeko itsaso izoztuetan eman eta gero, bakailaoez gain, kontakizun harrigarriak ekartzen zituzten. Ternuako itsaso lanbrotsu eta izoztuan galdutako txalupan jasotako marinelarena, esaterako.
Kontalarioi egiten diguten ohiko galdera izaten da nola demontre gogora ditzakegun hainbeste ipuin. Nik oroitzen ez ditudala erantzuten dut, buruan daudela, txokoren batean, eta behar denean irteten direla.
Orduan, ipuinak bere bidaia egiten du eta hitzak dira ipuin hori daramaten baporea. Besteetan kontrako bidea egiten dute. Istorio bat beste baten ahotik entzun eta memoriaren itsas bide horretatik sartzen joaten da nire oroimenean lehorreratu arte.
Ipuinak oroimeneko portuan imajinatzen ditut nik, noiz itsasoratu zain. Pasaiako portuan bezala, bokanatik aurrera itsas zabalera abiatzen direnean, badakizu zein den bere zama, badakizu zein beste portura doazen; ez dakizu, ordea, bidaian zein gorabehera izango dituzten. Kontalariaren lana izango da lehorretik begira dagoenari itsasoan barrena doan ontzian igotzera gonbidatzea. Norberak bere oroimeneko portua izan dezan.