Hauteskundeak aurreratzeko aukeran tematu dira Basagoiti eta Ortuzar
Duela hainbat egun Antonio Basagoitik EAEn PPk PSErekin zuen gobernu akordioa apurtu zuenez geroztik, asko izan dira Patxi Lopez lehendakariari hauteskundeak aurrera ditzala eskatu diotenak; azkenengo biak, PPko burua bera eta EAJko burukide Andoni Ortuzar.
GARA | BILBO
Patxi Lopezek kontrakoa esan arren, gero eta gertuago ikusten da EAEn hauteskundeak aurreratzeko aukera, alderdi ezberdinetako buruen hitzei so eginda, bederen.
Azkenengoak, egun gutxi arte Lopez Lakuako Gobernuan mantentzen zuen PPko Antonio Basagoiti, batetik, eta EAJ ko Bizkaiko Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar, bestetik.
Basagoitik, atzo RNE katean egindako elkarrizketan, Lopezi «irteera ordenatua» eskaini zion, Lakuako Gobernuan sartzen den hurrengo gobernuak «aurrekontuak egiteko astia izan dezan». Hortaz, hauteskundeak uda ostean egin daitezela eskatu zuen, «baina betiere azaroa baino lehen».
Bere ustez, Lopezek irteera «duin» hori izan beharko luke «bere gobernuaren hasierako urteak duinak izan zirelako». Hori dela-eta, hauteskundeak aurreratzeko eskatu zion berriro ere, Lopezek lehenbiziko eskakizunari ezezkoa eman eta gero.
Bozkalekuetako hitzordua aurreratzeko eskatzeaz gain, EAEko PPko presidenteak EAJren gobernukide ez dela izango nabarmendu zuen, eta Patxi Lopezekin egindakoa ez duela jeltzaleekin errepikatuko, euren helburua horien «kontrapisu» bilakatzea delako.
«Proiektu ezberdinak dauzkagu. Nik inolako konplexurik ez duen Euskadin sinesten dut, eta haiek (EAJri buruz) Ibarretxe Plan berri bat jarri nahi dute martxan», gaineratu zuen Basagoitik.
Lopezen «harropuzkeriak»
Bizkaiko Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek gogor kritikatu zituen Lopezek hauteskundeen aurrerapenari ezezkoa emateko egindako adierazpenak, «harropuzkeria ulergaitza» baino ez direlako, bere ustetan.
Ortuzarrek Onda Vascan egindako elkarrizketan gaineratu zuen «umekeria» iruditzen zaiola Lopezek legegintzaldia bukatu nahi izatea, bere ustez, EAEk «denbora luzea daramalako gobernu ezan sartua», zuzendaritza «hila» buru duelako.
Basagoitik esandakoei buruz ere aritu zen burukide jeltzalea: «Hauteskundeak noiz izango diren ez da benetako arazoa, Euskadi noren eskuetan dagoen baizik, hots, existitzen den desgobernua». Ildo horretan sakonduz, Ortuzarrek Lopezi leporatu zion «gobernatu beharrean, bere alderdia baino» ez duela buruan, eta «babesten zuen alderdiak babesa kendu» diola.
Bildu koalizioari zuzendutako hitzak ere izan zituen Basagoitik. Bere ustez, soberanisten ideologia «zabor organikoa» baino ez da, eta Gipuzkoan «errolda naziak» egiten ari direla gaineratu du.